GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Zaborra eta aratza, gozoa eta garratza

p050_f01_152x097.jpg

Anartz BILBAO

Atzerritar franko etxera bueltan dela, Keane eta Garbage dira nagusi Bilbao BBK Live jaialditzarreko azken jardunean, eta ez dute inolaz ere aurreko egunetako izarren distirarik. Alta, ilundu duenerako jendetza da zelaietan. Batetik bestera, karpapean Onda Vaga-ko argentinarrak entzun ditugu. Atariko oholtzara korrika, Enter Shikariren hardcore parrandazalea bukatzear da, zaleen gainetik abeslaria igerian hara eta hona dela. Izar nagusiak baino ez dira falta; Jonquil gazte-gazteen pop argitsuarekin Kobetamenditik alde egingo dugu gero.

Keane ingelesek ezinbestekoa lukete kanturen bat egungo britainiar poparen bildumetan. Baina aratzegiak dira, gozoegiak; igandetarako jantzita eta zintzo. Gitarrarik eza da aurkitu diogun berezitasuna (laukoa da eta Tom Chaplin dute abeslari), eta horrek protagonista bihurtzen du pianoa. «You are Young»-rekin hasi eta «Cristal Ball»-ekin itxi dute emanaldia. 2008ko «Perfect Symmetry» laneko arrastorik ez zuzenean, arrakasta ekarri zien 2004ko «Hopes and Fears»-eko kantuak nabarmentzen dira, «Silenced By the Night» esaterako; ateratzear den «Strangeland» berriko kantuekin txandakatuta. Gaztetxoak pozik dira, saltoka.

Keane gozoak badira, Garbage garratzak. Garbage «zaborra» da ingelesez, eta Keane aratzak dira soinuz. Shirley Mansonek gidatu -aurten britainiarra ez den afixa-buru bakarra- eta Butch Vig bateria jotzaileak jartzen du martxan laukotea. Bueltan dira, makala den «Not Your Kind of People» lan berri eta guzti. Zuzenean lehen bi lanetan sona ekarri zien makina bat kantu ematen dituzte, hasieratik. Ipurdi hasiera bistaratzeraino motz-motz diren praka gorri beltz eta takoi altuz -aurki kenduko ditu--, Manson ilegorriari kostatu zaio zuzenekoan sartzea, baina mugimendu gutxirekin erakartzen gaitu; arreta osoa bereganatzeraino. «Stupid Girl» hasi eta okertu egin da, «Why Do You Love Me» kantuan lurrean luze etzan da abesteko. Eguneko momentua «Push It» hit handian heldu da. Indarra joan eta bozgorailuak mututu zaizkio entzuleriari; oholtza barruko soinua martxan da. Beraz, mute-n jarrita, taldeak jotzen jarraitzen du minutu luze batez. Akats larria da -are gehiago horrelako jaialditzar batean- eta taldeak haserre etxerako bidea hartzen du. Baina kontulari jardun zuen Manson bueltan da berriro, zaleek merezi dute eta joko ditu beste pare bat. Ondo!

Bata bestearen aurrean jarrita, neurtuagoa eta borobilagoa dugu Keane, baina aukeran -musikaz mintzo gara- nahiago dugu garratza gozoa baino. Adin kontua ote?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo