AIZKORA Txapeldunen Liga
Atutxak finalean izateko beste urrats bat egin du
Minutu pasako aldea kendu zion atzo jokatutako saioan Iñaki Azurmendiri.
Jon LEUNDA
Aitzol Atutxak irabazi zuen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiko lehen saioa, eta orain sailkapeneko lehen postuan jarri da bakar-bakarrik, jokatu dituen bi saioak bereganatuta. Atzo, Iñaki Azurmendi hartu zuen mendean. Dimakoak minutu pasa kendu zion Arriarangoari.
45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu izan zen egin beharreko lehenengo lana, eta Atutxak irabazi zuen, 32 kolpetan moztu baitzuen. Gipuzkoarrak, berriz, 48 behar izan zituen. Bigarren eginbeharra, tamaina bereko enborra erloju kontrakoan moztea zen, eta hau Iñaki Azurmendik irabazi zuen, enborra erdibitzeko 47 segundo behar izanda eta aurka zeukan aldea bost segundoan laburtuta.
Hirugarren lana egiteko ere tamaina bereko enborra zuten, baina oraingoan zutik jarrita. Atutxa izan zen onena, bere lana minutu eta 34 segundoan amaituta. Azurmendik hamabost segundo gehiago behar izan zituen berea bukatzeko.
Laugarrengo saioan, berriz, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten, eta berriro ere Atutxa gailendu zen, bere lana egiteko minutu bat eta 51 segundo behar izan baitzituen; Azurmendik, berriz, bi minutu eta 29 segundo.
Bosgarren ekinaldian, bi 45 ontzako moztu behar izan zituen aizkolari bakoitzak, baina bat etzanda jarrita eta beste bat zutik jarrita, eta berriro ere bizkaitarra gailendu zen. 3.09ko denbora egin zuen, eta 3.24koa, Azurmendik. Saioa amaitzeko iraupen proba geratzen zen, eta hor bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen.
Garaipena Arriarango aizkolariak eskuratu zuen. 9.55 izan zen bere denbora eta 10.07 Atutxarena. Beraz, garaipena Atutxarentzat izan zen, egin beharreko lan guztiak egiteko 18 minutu eta 5 segundo behar izan baitzituen, eta 19 minutu eta 12 segundo, berriz, Iñaki Azurmendik. Gipuzkoarrak orain arte jokatu dituen bi saioak galdu egin ditu, eta finalean sartzeko gauzak oso zail jarri zaizkio, Larretxearen eta Nazabalen aurka jokatu beharko baitu.