GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Norbanakoa udan

Uda izan da beti herritar xumearentzat maitasun, ospakizun, mota guztietako dantza eta kaosaren aroa. Horrexegatik, hain zuzen ere, izan da historikoki boteredunek guda, inbasio, konkista eta sarraskiak egiteko lehenetsi duten sasoia

Uda argiaren, bizitzaren eta gozamenaren urtaroa da gure epe laburreko pentsamoldedun gizartean. Aspaldikoa ei da udaren gurtza. Orain milaka urtetako kretarren urontzietan «uda» hitza irakur zitekeen. Bai, «u» gehi «d» gehi «a». Ni, ostera, bere beldur naiz iaztik. Eta beldur hori ere, zuhurrenek errespetu berbarekin ordezkatu ohi dutena, antzinako gauza da. Frazer eta Caro Barojaren moduko herri kulturaren ikertzaileek «ilargi uda» deitzen dioten aroaren hasiera eta amaieran, maiatz eta irailean egiten zituzten gure arbasoek naturaren arriskuen aurkako konjururik indartsuenak. Sasoi, ingelesez season, honetan soltatzen da orgoi, trumoi edo ostotsa. Orain dira galarrena, kaskagaragar eta oinazturik bortitzenak. Orain galtzen du norabidea bale, erle eta gizakiak.

Kristautasunaren aurreko gure arbasoen jakintzak behin eta berriz errepikatzen digu ez dagoela ehuneko ehunik. Zenbat eta distira handiagoa hainbat eta luzeagoa dela sortzen duen itzala. Infernua paradisuan dago, eta gazteak txosna, hondartza eta mendi bete irribarre dabiltzan bitartean, egunerokotasunaren hausturak babesgabe utzi ditu aurrera egiteko ingurukoen beharra dutenak. Funtzional sentitzeko errutinaren pelikulan gidoi zatitxoren baten desiran bizi direnak. Gu, noizbait.

Esaerak dio gazteak taldean direla indartsu, zaharrak, berriz, bakarka. Aitzitik, badirudi gure burua hori baino aldrebesagoa dela. Eta bakarrik daudela sentitzeko jendez inguraturik egon behar dutenen antzera, etxetik lasai alde egiteko bueltan norbait egongo den ziurtasuna behar duena dago, zer egin behar duen entzun gura ez baina lurretik altxatzeko eskua luzatuko dizuna.... Eta joera orokor bat: gauzak ondo doazkigunean indibidualismora jotzen dugu, garai latzetan jendarteko babesera bezainbeste.

Uda izan da beti herritar xumearentzat maitasun, ospakizun, mota guztietako dantza eta kaosaren aroa. Horrexegatik, hain zuzen ere, izan da historikoki boteredunek guda, inbasio, konkista eta sarraskiak egiteko lehenetsi duten sasoia. Politika modernoan, gehiengoaren interesen aurkako neurriak oharkabean igarotzeko abagunea.

Behargin guztiek pijaman lan egiten duten gurpildun oheen erresuma horietako batean harrapatu ninduen Madrileko gobernuaren murrizpen sorta berriak. Itxarongela bete lagun, ohe librerik ez, eta senitartekorik agertuz gero, etxerako lanak agintzearen truke erizain tituluak banatzeko irrikan bizi da osasungintza publikoa. Birrintze bidean, familiari begiratzen dio, ezintasun aurpegiz, bere funtzio antropologikoa bete dezan.

Baina bakoitzak bere etxea behar zuen askatasunaren izenean. Deserosoa da malguki zaratadun begiradarekin mehatxatzen dizun gurasoari egun on esatea. Bai behintzat askatasuna telefono mugikor eta bikiniekin lotuta ulertzen dugun haur-eskola honetan.

Adiskideok, has gaitezen buruan sartzen. Goizero, ametsak apuntatu eta gure aurreko, tarteko zein ostekoekin batzartu beharko dugu. Gure utopiak besteenekin zelan koordinatu eta sakrifikatu erabakitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo