Herri-lasterketak antolatu ditu Kontseiluak «euskaraz bizitzeko nahia adierazteko»
GARA | BILBO
«Euskaraz bizi nahi dut» dinamikaren barruan, herri-lasterketak antolatu ditu Kontseiluak irailaren 22rako hainbat herritan. Oraindik zehazteke daude, baina iragarri dutenez, lasterketak 5otik gora herritan egingo dira. Ez da lehiarik izango, guztiontzat egokitutako ibilbideak izango dituzte eta familia giroan egiteko modukoak izango direla azaldu zuten atzo.
«Famili artean lasterketa egin, euskaraz noski, eta ongi pasatzeko gonbita da egiten duguna, kirola egiteko deia zabalduz», esan zuen Elena Maiz Sakanako lasterketaren antolatzaileak. «Euskaraz bizitzeko nahia agertu nahi dugu» eta talde-lana sustatu, lehiakortasuna alde batera utzita, nabarmendu zuenez.
«Euskaraz bizi nahi dut» ekimenaren inguruan «jendarte mugimendu zabala» eratu nahi da. Horregatik, gizartearen arlo ezberdinetan lanean ari direnei aurkeztu zaie eta zuzenean euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei parte hartzera dei egin zieten atzo. «Milaka herritarrek euskaraz bizitzeko erabaki sendoa erakusten badugu, euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugu», esan zuen Kontseiluak.
Izena emateko epea irailaren 1ean zabalduko da www.euskarazbizinahidut.org webgunean, lasterketak antolatuko diren herrietan eta egunean bertan ere izango da horretarako aukera. Haurrek 2 euro ordaindu behar dute izena emateko, eta 7 euro «Euskaraz bizi nahi dut» elastikoa ere eskuratu nahi badute. Helduek 10 euroren truke dute izen ematea gehi kamiseta, eta 5 euro elastikorik gabe.