GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza politika «burujabea eta nazionala» eskatu du EH Bilduk

V. Inkesta Soziolinguistikoaren «emaitza kezkagarriak» baloratu zituen atzo koalizioa soberanistak, «normalizazio politika berriak behar dira, azken hogei urteetakoak ez direlako eraginkorrak izan» nabarmenduz.

p012_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

«Kezkaz eta larriduraz». Horrela jaso ditu Euskal Herria Bilduk euskarari buruzko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak. Koalizio soberanistaren ustetan, «ez dira auto-konplazentziarako garaiak», eta hortaz, oso zorrotza izan zen inkestarekin, «pertzepzioetan eta jarreretan aurrera egiten ari bagara ere», datuok «oso urriak eta pobreak» direlako.

Analisi sakona burutu zuen ondoren koalizio independentistak: «Hainbeste urteren ondotik, euskararen ezagutzan oso motel ari gara aurrera egiten, eta larriagoa dena, ezagutza hori ez da erabileran nabaritzen».

Inkestaren zenbait datu xehetasun handiagoz aipatu zituen EH Bilduk, esaterako, herritarren %17,1ek euskararen kontrako jarrera dutela dioena. «Nola uler daiteke, eremu geografiko jakin batean herritarrak beren hizkuntzaren aurka egotea?», galdetu zuten soberanistek. Haien aburuz, «UPN, PP eta PSE-PSN alderdiek Hego Euskal Herrian garaturiko hizkuntza politikek lotura zuzena dute egoera honekin».

«Ukatze» estrategia horien aurrean, independentistek hizkuntza politika berria proposatu zuten, lau ildo nagusitatik abiatuta. Alde batetik, «kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika zehaztu eta garatzea»; bestetik, «Euskarari dagokion estatusa ematea, egungo mendeko ofizialtasun asimetrikotik urruti». Bide horretan, lau eremutan izan beharko luke ofiziala euskarak EH Bilduren iritziz: «Dimentsio politikoan, lurraldetasunaren dimentsioan, dimentsio kolektiboan eta dimentsio objektiboan».

Hirugarren ildoa «euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aitortzea» litzateke; eta azkena, «berreskurapen prozesua bermatzeko, euskara ezagutu beharreko hizkuntza izatea».

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere iritzia azaldu zuen, Lakuako Euskararen Aholku Batzordearen bilerari uko eginez, Lopezen gobernuaren euskararen planarekin dituen «desadostasun nabariak» direla-eta.

Kritikak bi arlotan egin zizkion Gipuzkoako Diputazioak Lakuaren euskara planari: lehendabizi, «plana diseinatzerakoan, ez du aintzat hartu lurraldeko egoera politiko eta instituzional berria», eta bestetik, «bazterrean utzi ditu euskararen normalizazioan aurrera egiteko funtsezko alderdiak».

Batasunak ere bere iritzia adierazi du V. Inkestako emaitzen aitzinean, bereziki, Ipar Euskal Herriko datuei dagokienez. Indar abertzalearen ustez, hiru lurraldeetan euskaldun kopuruak behera egin izanak «euskara oraindik desagertzeko zorian» dagoela erakusten du. Euskararen Erakunde Publikoaren politikaren «mugak agerian» geratu direla gaineratu du, «borondate soilaren gainean oinarritutako hizkuntza politikak etekinik ematen ez duelako».

Euskal Konfederazioak, ildo beretik, inkestak «datu kezkagarriak» azaleratu dituela adierazi du, betiere puntu baikor batzuk nabarmenduta, batik bat «belaunaldi gazteengan baratxe-baratxe joera iraultzen» ari dela eta euskarari buruzko interesa emendatu egin dela.

Lopez, ESEPrekin kontent

Bestalde, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen atzo Euskararen Aholku Batzordeak. Testuan adierazten denez, helburua «ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea» da.

Patxi Lopez lehendakaria konforme agertu zen planarekin, bere ustez «tresna eragingarria» izango delako, «epe ertain eta luzera begira». «Bide emango digu eguneroko kezka eta eginbeharretatik distantzia hartu eta neurri iraunkorragoak identifikatzeko», adierazi zuen Lopezek, eta Batzordeak «lan handia» egin duela nabarmendu.

batzarrari uko

Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egin zion Euskararen Aholku Batzordearen batzarrean parte hartzeari, Lakuako erakundearekin dituen «desadostasun nabariak» direla-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo