Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
Gu, gurera
Pirinioetako etapa erregina ez da nahi izango genukeen bezala hasi. Gure taldekide Frank Schleck-i, kontrol anomalo bat dela medio, UCIk eta Tourrak, lasterketan jarraitzeko eragozpenik jarri ez dioten arren, taldeari bera gaur ez irteteko gomendatu diote. Ziur aski, zuek ere ez duzue saltsa honetako ezer ulertuko, baina, lasai, ez zarete bakarrak. Nola da posible UCIk esatea diuretiko hori produktu pila batean dagoela, ia seguru ez dutela zigortuko, baina beraiek beraien harria bota eta orain eskua gorde eta burua ostruken moduan gordetzea? Ez UCIk ez Tourrak ez dute txirrindularia lasterketatik botatzen, iaz Alexander Kolobnev-i gertatu zitzaion moduan. Tourretik kanporatua izan zen arren, gero errugabea zela frogatu zuen. Horrexegatik, kalte-ordainik eska ez diezaieten, taldeari uzten dio erabakia hartzeko aukera.
Nire ustez eta beraiek onartzen duten moduan, Schleck kutsatua izan bada, zertarako show hau dena? Eta zoritxarrez, erruduna balitz, ba ordaindu egin beharko luke. Baina benetan diotsuet «anbiguotasun» hau ez dudala batera ulertzen.
Baina behin hau azalduta, goazen gurera, hau da, lasterketara. Beste behin, zorionak eman nahiko nizkieke zaleei. Lanean jai eskatu, beraien ikurrinak, kamiseta laranjak ala «Aupa Haimar» zapiak hartu, auto, furgona ala karabana garagardoz, patata tortillaz eta abarrez bete, mendate batean denda batean lo egin, eta txirrindulariak ikusteko horrenbeste ordu itxaroten duten horiek, bizikleta gainean sufritzen dutenek hainbat meritu dute. Zale horiek gabe, mendiko etapak ez lirateke berdinak izango, eta beste behin eskerrik beroenak eman, euskal zaleek duten errespetua, ulermena eta ematen duten babesagatik.
Lasterketari berari dagokionez, etapa gustatu zaidala aitortu behar dut. Thomas Voecklerrek egin duena beste behin txalotzekoa izan da. Bere zuzendari Andy Flickingerren modura, honek ere «Frikinger» izan zezakeen abizena, zeren tropeleko «friki» handiena den arren, txirrindulari bezala izugarrizko maila dauka.
Beste alde batetik, ez dut ahaztu nahi Euskaltel Euskadiko mutilen lana. Egoi, beste behin, ikaragarrizko maila ematen, berriz ere aurpegia eman eta zaleei gozamena ematen ikusi dugu. Jorge Azanza, beti bezain borondatetsu morroi lanean ihesaldian. Eta Ormaiztegiko «torpedoa», berriz ere «demaseko» maila ematen. Gorka Izagirre, indarrez eta abileziaz beti dabil osatua, baina zerbait badu, bere aita «katxarro» horren kasta da, izaera, eta sekula kikiltzen ez diren horien jarrera. Martxa honetan, Izagirre anaiek Irizar autobus konpainiak baino sona handiagoa emango dio Ormaiztegiko herriari, zeren, nire ustez, bai Jonek bai Gorkak beraiena dute euskal txirrindularitzaren etorkizuna.
Eta bukatzeko, nire taldekide Xube-ren lanari buruz mintzatuko naiz. Entrenamenduetan egin genuen etapa hau, eta oso ondo ezagutzen zuen dena. Beste behin, eta Evansek egun txarra izan duen honetan, ez du hutsik egin. Eta asko gozatu dut, ikurrina eta «Aupa Haimar» zioten 300 zale horiek ikustean. Argi dago bultzada eta babes handia eman diotela Usurbilgo dieselari, eta bihar gaurko martxan bada, berriz ere mutur muturrean egongo dela espero dut.
Ba horrelaxe, gu gurera. Zaleak gozatzera. Jan, edan, paraje ederrak ikusi eta txirrindulariak animatzera. Eta etxean gaudenak, gure sofatik gure txirrindulari kuttunekin sufritzera.