Udate
Dena prest, soularekin hasita Donostia jazz doinuz hornitzeko
Iaz 115.000 lagun bildu zituen Heineken Jazzaldiak, eta sarrera salmenten abiada eta 102 kontzertutako egitarau mardulak sare sozialetan sortu duen ikusmina kontuan hartuta, gaurtik heldu den astelehenera arte bertze hainbertze jende etortzea espero dute antolatzaileek.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Kursaal inguruan eginen den Jazz Band Ball bestarekin abiatuko da 47. Heineken Jazzaldia, nazioarteko eta bertako musikarien 102 kontzertu eskainiko dituen jaialdia, horietatik 71 doan. Soul erritmoei eskainitako gaua izanen da gaurkoa, Zurriolako hondartzako Agertoki Berdean Alabama Shakesen eta Sharon Jonesen dohaineko emanaldiak izanen baitira musikazaleak animatzen hasteko. Hortik aitzinera, dantza, beroa eta giro ona ziurtatuta egonen dira. Antolatzaileen datuen arabera, ikusleen herena ez da donostiarra izaten eta gero eta atzerritar gehiago etortzen da.
Jazz Band Ballen dozena erdi kontzertu baino gehiagoz gozatzen ahalko da musu truk. Heineken Terrazan, adibidez, Triz3ps-en musika fresko eta dantzagarria izanen da entzungai 20.00etatik aitzinera, soula estandarte duen energia hutseko eta emoziozko zurrunbiloa.
Javi P3z Donostiako konpositorearen eta esperientzia handiko bertze bi musikariren proiektua da hau, Alberto Bosch baxu-jotzailearena (Lau Behi, Parafünk eta Hotel taldeetan ibilia) eta Oriol Flores bateria-jotzailearena (Miqui Puig, Los Chets, Delicatessen...). Paul San Martin (teklatua) eta Luis Camino (perkusioa) ere gero eta gehiago batzen zaizkie. Dagoeneko ez dira hiru bakarrik Javi P3zen ahots altu bereizgarria instrumentuen soinu hutsarekin osatzen den proiektuan.
P3z bera eta Flores izan ziren atzo, eskainiko duten kontzertua aurkezten, eta iragarri zutenez, kantu zahar eta berriak uztartuko dituzte, irailean eta urrian aurkeztu zuten albumeko abestiak eta grabatzeko asmoa duten sei kantuko EPko doinuak. «Sei hilero sei kantuko EP bat grabatu nahi dugu», azaldu zuten matematikoki.
Urte osoko zirkuitu bat
Orain arteko ibilbideari buruz galdetuta, euren buruarekin ongi sentitzen direla adierazi zuten. Gainera, astebururo jotzea gustatuko litzaiekeela nabarmendu zuten, «zirkuitu erreal bat izatea jaialdi handietatik kanpo, nahiz eta hauek ere oso ondo egon». Etengabe jo nahi dute eta horretarako, garrantzitsuagoa da beraientzat urte osoko zirkuitu bat egitea aretoetan.
Kontatu zutenez, dozena bat emanaldi baino gehiago eginak dituzte eta horietan denbora izan dute publikoarekin interakzioa bilatzeko. Hala, gora eta gora doan errepertorio bat lortu dute, lasai hasi, soul erritmoz, eta leherketa batekin amaitzen dena.
Jazzez hornitutako hainbat egun eta kontzerturen ondotik -Donostian izanen dira, bertzeren artean, Melody Gardot, Antony, Bobby McFerrin, Al Di Meola eta Jimmy Cobb (azken honek Donostiako Jazzaldia Saria jasoko du)-, kontzertu berezi bat izanen da azkeneko egunean, astelehenean; berezia lekuagatik -San Telmo eliza- eta Gonzalo Tejadaren kontrabaxua eta Olivier Ker Ourioren harmonika elkartuko dituelako duoan.
Euskal Herriko kontrabaxu-jotzaile nabarmenetakoa den Tejadak azaldu zuenez, elizaren baldintza akustikoak kontuan hartu dituzte emanaldia prestatzeko, zazpi segundoko atzerapenarekin entzuten baita bertan soinua. Lau elementuz osatutako kontzertua izanen dela erran zuen -kontrabaxua, harmonika, soinuaren atzerapen hori eta magia-. Europako harmonika-jotzaile onena eta batzuen ustez Toots Thielemans-en ondorengoa den Ouriok eta biek «emozioen kontzertu bat» egin nahi dute, emozioak transmititu.
Agortuta daude: Antony and The Johnsons and Et Incarnatus Orkestrako sarrerak, eta bihar Victoria Eugeniaren mendeurrena ospatzeko eginen den Gaujazzekoak.
Dbus: Gaur eta astelehena artean autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte.