GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Woody

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Woodyry ez litzaioke «lanik» faltako garai hauetan. Lantegi baten ataria hemen, indarrez hustutako etxe bat han, manifa bat hor. Gitarran idatzia zuena «makina honek faxistak garbitzen ditu» ez baitzen alferrikakoa. Hemen eta han ariko litzateke, artistaren konpromisoaz gehiegi teorizatu gabe; denborarik ez horretarako. Agian, horrela azalduko luke; «hori idaztearen morrontza betetzeko prest ez bazaude ez halakorik idatzi gitarran».

Ehun urte bete berri dira jaio zenetik eta nork daki zenbat Woody Gutthrie beharko ditugun oraindik. Bai, politikaz aritu beharko dugu tarte batean, beti ziur asko, eta bai, artista «aktibistak» beharko ditugu luzaroan. Baina, batez ere, kantu argiak egiten dituzten artistak behar ditugu. Topikoak hautsiko dituztenak. Jarrera eta hitza bateratuko dituztenak. Ez dakit zer esango zuten Woodyz garai hartako kritikariek baina, agian, kantari politiko iluso, arlote xamar eta sinpletzat zeukaten, betikoa errepikatzen zuen beste artista «komunista» bat. Beti igual!

Baina ba al dago artista apolitikorik? Neuk ez dut bakarra ezagutzen. Esadazue bat. Munduan gertatzen denaz ez arduratzea ere jarrera politikoa da, ala ez? Artista hori, ohartu gabe ere, politikaz ari da, kantua publikoa den momentutik, sormena ekintza «politikoa» bihurtzen baita. Politikaz jardun behar al du bere kantuetan kantari «politikoak»? Ez noski. Baina ez jardutea ere erabaki politikoa da. Beraz, sentitzen dut, baina guztiak ari gara politikaz. Beraz, zer ezberdintasun dago batzuen eta besteen artean? Bakarra ere ez, batzuek eta besteek kantu txar, onak eta batzuetan bikainak egiten dituzte. Batzuek zein besteek erabakiak hartzen dituzte eta ahal bezain koherenteen agertzen saiatzen dira. Gutxi batzuek, ordea, egiten dute Woodyk egiten zuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo