Udate
Gasteiztarrak sinadurak biltzen hasi dira, hiriburuak Kafe Antzokia «beharrezkoa duelako»
Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak jakinarazi zuenaren arabera, Lourdes Oñederra eta Bernardo Atxaga bezalako pertsonaia esanguratsuek jada sinatu dute proiektuaren alde.
GARA | GASTEIZ
Gasteizen kafe antzoki baten beharra aldarrikatzeko sinadura bilketa hasi zuen atzo Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak, Arabako hiriburuko Andre Maria Zuriaren plazan egindako agerraldiaren ostean.
Juan Ibarrondo idazleak eta Leire Elizagarai euskara irakasleak irakurri zuten, plataformaren izenean, «euskararen erabilera sustatu eta aberasteko beharrezkoa» den Kafe Antzokiaren aldeko manifestua.
Duela gutxi Soziolinguistika Klusterrak jakinarazi zuen bezala, elebidunen kopurua hazi egin bada ere, euskararen erabilerak behera egin du azken hogei urteotan. Ildo horretan, Ibarrondok adierazi zuen gasteiztarrek Antzokia bezalako «arnasgunea» behar dutela, «euskara gizarte osora zabaldu ahal izateko».
Plataforma honen arabera, «hurrengo hamarkadan hiriko euskalgintzak izan dezakeen erreferentea izateko bokazioa du aisialdiari lotutako topagune natural honek».
Proiektu kultural «zabal, ireki eta parte-hartzaile» honen alde egiteko, sinadurak biltzeari ekin zion atzo Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak, eta, jakinarazi zutenaren arabera, Gasteizko kulturgintzan eta euskalgintzan esanguratsuak diren «ehundik gora lagunek» proiektuaren alde egin dute; Lourdes Oñederra, Bernardo Atxaga, Elena Martinez de Madina eta Joseba Beloki, besteak beste.
Atxikimendua emateko
Bada, lehenengo sinadurak atzo bertan jaso zituzten, prentsaurrekoaren ondoren. Baina, «datozen asteetan hiriko txoko desberdinetan sinadura emateko aukera» izango dela ere jakinarazi zuen irakasleak.
Horrez gain, atxikimendua emateko beste bide ugari daudela azaldu zuen: plataformako blogaren bidez, gasteizkokafeantzokia.blogspot.com; gasteizkokafeantzokia@gmail.com helbide elektronikoan edo Facebook-eko profilean.