GARA > Idatzia > Kultura

Udate

«Nafarroaren konkista gure lurraldearen historiako gertakari garrantzitsuenetakoa da»

p053_f04.jpg

Roldan Jimeno

Historialaria

Nafarroako erresuma konkistatu eta 500 urtera, hainbat galdera daude argitzeko: Zer zen galdu zena? Nolako eragina utzi du gerora haren memoriak? UEUko ikastaro batean landu dute gaia, bertzeren artean, Roldan Jimenorekin.

UEU | GASTEIZ

Zer dela-eta izan du konkistak hain oihartzun txikia?

Nik kontrakoa esango nuke, Nafarroako ikuspegi batetik behinik behin. Ez dago asterik -ia esango nuke egunik ere ez-, bertako prentsan konkistaren inguruko berririk ez datorrenik, Nafarroa Bizirik-ekoek egindako ekintzengatik hein handi batean.

Zergatik daude hainbeste ikuspegi honi buruz?

Nafarroako historiografiak diskurtso nahiko bateratua izan zuen 1921era arte. Alegia, 1512koa konkista militar bat izan zela zioena. 1921ean, Amaiurko balentria gertatu eta lau mende ondorengo gorazarreak eztabaida garratza eragin zuen garai hartako zenbait politikari eta intelektualen artean. Pradera gogor mintzatu zen aipatu monumentua eraikitzearen kontra. Une horretatik aurrera, eta hilabete batez, eztabaida gorria prentsatik plazara zabaldu eta, gainera, hainbat azterlanen argitalpena eragin zuen. Praderak, hau da, 1918ko garaipen nabarristaren eta anti euskaltzalearen ikurrak, ez zuen zalantzarik izan guztiei aurre egiteko: Aranzadi (abertzalea), Joaquin Baleztena Premin de Iruña (jaimezalea), Jesus Etayo artxibozaina (jaimezalea), Jose Maria Azcona tafallarra, Julio Altadill eta Rodeznoko kondea. Praderak esaten zuen monumentuak goresten zuela XVI. mendeko borrokan aritutako taldeetako bat, agaramontarra, eta talde hura traidore izan zela Nafarroarentzat. Tesi hau gutxiengo batena izan bazen ere, Frankismoan inposatu zen, eta gaur egun Nabarrismoaren tesi nagusia da.

Zein da gai honi buruz duzun iritzia, eta balorazioa?

Ikuspegi politiko-instituzionaletik, Nafarroaren konkista gure lurraldearen historian izan den gertakaririk garrantzitsuenetakoa da, XIX. mendearen foralitatearen krisiarekin pareka dezakeguna. Ikerketa historikoa eta dibulgazioa ezinbestekoa da, eta horretan Udako Euskal Unibertsitatea aitzindaria izan da. Gaiaz euskara soilean egin den jardunaldi bakarra antolatu, eta udako ikastaro honekin eskaintza osatu du.