Gose greban beste bi preso palestinar
GARA | JERUSALEN
Beste bi preso palestinarrek gose grebari ekin diote, Israelen kartzelatze politikak salatzeko beste hiru presok hasitakoarekin bat eginez, Maan Palestinako berri agentziak jakinarazi duenez.
Gose grebarekin bat egin duten presoak Ayman Sharawna eta Raed Gamal Ali Ahmad dira. Sharawnak, 37 urtekoak, protesta uztailaren 1ean hasi zuen, bere askatasuna eskatzeko, Addameer, preso palestinarren eskubideen defentsarako taldeak adierazitakoaren arabera.
Urrian askatu zuten Gilad Shalit soldadu israeldarraren truke, baina berriro atxilotu zuten urtarrilaren 31n. Shaliten askatasunaren ostean berriro atxilotuak izan ziren preso palestinar guztiak bezala, Sharawna ordena militar baten menpe dago, eta ondorioz, batzorde berezi batek bere kasuaren inguruko erabaki bat hartu bitartean zaintzapean dute.
Ahmadek uztailaren 11n ekin zion gose grebari, Israelgo espetxe agintariek arduragabekeriaz jokatzen dutelako, bere osasuna arriskuan jarriz. Izan ere, giltzurrunetako gaitza du eta behin eta berriro eskatu ditu beharrezko dituen sendagaiak.
Akram al-Rekhawi
Gose greban 98 egun beteko ditu gaur Akram al-Rekhawi 39 urteko preso palestinarrak, eta bere egoera oso larria da, hil zorian baitago. Al-Rekhawi diabetikoa da. Bederatzi urteko zigorra du, eta jada zortzi urte daramatza kartzelan.