Lan ikusgarriak hasi dituzte Baionako portuko dikea sendotzeko
A.M. | BAIONA
Baionako portuko sarreraren segurtasuna ahal bezainbat bermatze aldera, iparraldeko dikea sendotzeko lan estrategikoak hasi berri dituzte.
Lanok duela 40 urte eraikitako dike hori eraberritzea dute xede eta erabiliko duten metodoa arras ezohikoa da. Batetik, 2,50 metroko plataformen gainean kokatutako 400 tonako garabi bat erabiliko dute 24 metroko luzeran zirkulatzea ahalbidetzen duena, baita 100 tonako beste garabi bat ere blokeak garraiatzeko.
Blokeak, berriz (400 bloke 40 tonakoak eta beste 300 10 tonakoak), GPS bitartez kokatuko dira. Itsas baldintza bihurriak dituen eremu batean Estatu frantsesean teknika hori erabiltzen den lehen aldia da. Izan ere, dikea itsaso barruan dago eta bere muturra, berriz, kostaldetik kilometro batera.