Ikusi nahi ez dutena begien aurrean jarri diete
Agintari espainolak ahalegin handiak egiten ari dira Estrasburgoko Epaitegiak 197/2006 doktrinaren gainean esandakoa erlatibizatzeko eta haren eragina mugatzeko. Hala, Ines del Rio euskal preso politikoaren auzian izandako ebazpenaren aurrean, beren lehen erantzuna errekurtsoa aurkeztea izan da, denbora irabazteko xedearekin. Argi dago Madrilek ez duela ikusi nahi bere kartzela politikak kolpe latza pairatu duela Europako auzitegi nagusian, eta litekeena dela hemendik aurrera hartutako hainbat neurritan atzera egin beharko duela. Ez du ikusi nahi, baina beste batzuek begien aurrean jarri diote errealitatea. Hala nola Britainia Handiko fiskaltzak, zeinek Antton Troitiñoren auzian Auzitegi Nazional espainolari galdegin dion bera atxilotzeko agindua bertan behera uzteko, edo, behintzat, Estrasburgoko epaia behin betikoa izan arte libre uzteko. Auzitegi espainolak ez du horrelakorik onartu, aipatu epaiari errekurtsoa aurkeztu diotela argudiatuz, baina jakin badaki heldu diren hilabeteetan egoera oso bestelakoa izan daitekeela.
Begiak ixtea eta bidean tematzea ez da irtenbide ona izaten norabide okerrean doanarentzat, baina ematen du Gobernu espainolak nahiago duela pixka bat beranduago kolpe latzagoa jasotzea, orain gauzak diren moduan onartu eta buelta ematen hastea baino.