GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Albizu Donostiako Udaleko Mugikortasun zinegotzia

Oinezkoak eta bizikletak bidelagun

Oinezkoak eta bizikletak elkarren bidelagun behar dute izan, ez arerio. Eskutik joan behar dute nork bere espazioa defendatzeko egungo espazio banaketan nagusi den ibilgailu motordunaren kaltetan

Badakit mugikortasunarekin lotutako aldaketa oro polemikoa izaten dela, eta eztabaida horretan bizikletari buruz aritzeak argi erakusten du garraiobide horrek hartu duen garrantzia: egunero, batez beste 15.424 joan-etorri egiten dituzte herritarrek bizikletaz, eta haren erabilera %25 hazten da urtero. Horregatik neurri mingarria baina beharrezkoa jarri behar izan dugu martxan, partaidetza prozesuan jasotakoa, eta beste alde batera begiratu beharrean neurriak hartu behar izan ditugu. Bizikletak ibilgailu gisa dagokion tokia irabaz dezan, onartu egin behar ditu ibilgailu orori dagozkion erantzukizunak. Bizikletari espazio gehiago eta babes handiagoa eskaini behar zaizkio, bai, baina, aldi berean, gainerako ibilgailuen antzera araudiak bete ditzan eskatu behar zaio, batzuetan ukatu egiten zaion legitimitatea lortze aldera.

Zoritxarrez, bizikleta ez dago guztiz barneratuta mugikortasunean, eta oraindik bide luzea dauka aurretik, merezi duen tokia lortzeko; bide azpiegiturak, aparkalekuak, beste garraioekin integraturiko bizikleta publikoa, 30 guneak, itxaroteko gune aurreratuak... Pauso hauek guztiak ibilgailu moduan eman behar ditu, garbi utzita bizikleta ibilgailua dela eta ez soilik aisialdirako kontu bat. Eta pauso hauek ezin dira oinezkoen kaltetan eman, horrek sortzen baititu errezelo eta arazo gehienak. Oinezkoak eta bizikletak elkarren bidelagun behar dute izan, ez arerio. Eskutik joan behar dute nork bere espazioa defendatzeko egungo espazio banaketan nagusi den ibilgailu motordunaren kaltetan.

Hori dela eta, Donostiako Udalak 2006an aho batez onartutako ordenantza bat aplikatuko da. Ordenantza horrek zigor batzuk ezartzen ditu, legedia orokorrak zehazten dituen kopuruen barruan. Azken hilabeteetan, bizikletaz mugitzen direnek bete beharreko arauei buruzko informazioa emateko kanpainak egin dira, bai aurreko udal gobernuarekin zein egungoarekin. Zenbait kanpaina egin ostean, garaia zen ordenantza horren puntu eztabaidagarriena aplikatzeko, hau da, zigorrena. Eta puntu gatazkatsuenetan aplikatzen ari da; Askatasunaren hiribidean, Miracruz kalean, Ategorrieta gainean, Zumalakarregi hiribidean, Egiako pasabidean, Herreran eta Bulebarrean.

Bizikletaren Behatokian adostu da neurri hauen gauzapena. Erabakian parte hartu duten politikari, teknikari eta eragileak bizikletaren ohiko erabiltzaile dira, horregatik dute bizikleta ibilgailu osotzat hartua izateko borondatea. «Zertarako egin bidegorriak bizikletak espaloitik joaten badira?»; «Zirkulazio zergarik ordaintzen ez badute zergatik egin behar zaizkie bideak, aparkalekuak...?»; «Nahi dutena egiten dute, ez dute araurik betetzen»; eta horrelakoak bezalako esamesei erantzun behar dietenak jakitun dira zein den arazoa. Gainera, auzo eta herrietan egindako partaidetza prozesuan zazpitan azaldu dira bizikleta erabiltzaileen aurkako kexak. Zorionez istripu kopurua ez da oso handia (nahiz eta asko ez diren salatzen) baina badago konbibentzia arazoa, batez ere adineko jendearekin. Esan moduan, bizikletak aurrera egingo badu oinezkoaren bidelagun behar du izan, ez areriotzat hartua izan.

Eta argi utzi nahi dut neurri hori ez dugula dirua jasotzeko asmoz ezarri. Aintzat hartuta politikariok ez dugula sinesgarritasun handirik, pentsatzen dut ezingo diodala inori sinetsarazi, baina badakit erabaki hori ez dela dirua biltzeko hartu. Egiaz, uste dut (eta asko poztuko nau hala izateak) ez direla zigor gehiegi jarriko, batetik, badakigulako bizikleta erabiltzaile gehienak arduratsuak direla, eta bestetik, halako neurriek nahiko azkar lortzen dutelako euren helburua. Hiri barruan autoekin laster ikusten da foto-rojo edo radarrek duten eragina, isunek laster egiten dute behera. Ordenantza aplikatzeko arrazoi bakarra erregulatzea izan da. Eta bizikleten joan-etorriak erregula- tzea bizikleta gainerako ibilgailuak bezala tratatzea da, eta garraiobide hori darabiltenei dagozkien eskubideak eta betebe- harrak aitortzea. Urrats bat gehiago da bizikletak mugikortasun sistema osoan ibilgailu gisa lortu beharreko legitimitatean. Eta eztabaida egotea bera hartu duen pisuaren isla da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo