GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxondoko Bildu alkatearen liberazioa babestuz, EAJren «demagogiaren» aurrean

GARA | ATXONDO

«Soldataren zenbatekoa zehazteko orduan jarraitutako irizpidea Bilduk erakunde guztietan jarraitzen duena da, alegia, liberatu aurretik beren lanean irabazten zutena irabazten dute gure kargu publikoek», erantzun dio Atxondoko Bilduk EAJri, aste honetan, alkatearen liberazioa dela-eta, jeltzaleek koalizioak «arduragabekeriaz» jokatzen duela salatu ostean.

Gorka Garate Atxondoko EAJko presidentea «indignatuta» agertu zen prentsara bidalitako ohar batean, 900.000 euroko zorra duen udal batean alkateak liberazio erdia hartu, eta orain arte alkateordeak zuen liberazio osoagatik urtean kobratzen zituen 35.000 euro baino 7.500 euro gutxiago kobratuko duelako urtean herriko agintari nagusiak. Era berean, aurreko legealdian David Cobosek (EAE-ANV) liberazio erdiagatik 22.500 euro jasotzen zituela dio EAJk, eta egoera okerrago batean funtzio berdinengatik oraingo alkateak 5.000 euro gehiago kobratuko duela kritikatzen dute.

«Harridura»

Bilduk «harriduraz» hartu du EAJren salaketa eta «kontraesanak, erdizkako egiak edota gezur borobilak argitu» ditu komunikabideetara igorritako ohar batean. Koalizioak Rosa Elizburuk liberazio erdia zergatik hartu duen argitzen du.

Dioenez, lan baldintzak zirela-eta Rosa Elizburu alkateak ezin izan zuen lehenengo urtean liberaziorik hartu, eta horregatik Juanjo Nora alkateordea egon da udal eginkizunei erantzuten arduraldi osoan. Ikasturte berriari begira -alkatea irakasle da Ibaizabal Ikastolan-, «lan baldintzak moldatzeko aukera sortu da, eta egun erdiz ikastolan eta beste erdiz udaletxean egongo da, beste udal askotan alkate ugarik egiten duten antzera», argitu du Bilduk.

EAJren «nora ezak eta kontraesanak» ikusten ditu Atxondoko Bilduk, prentsara zabaldutako mezua bat ez datorrelako udalbatzan izandako jarrerarekin. Izan ere, EAJk Atxondon zituen hiru zinegotzietatik bik Elizbururen liberazioaren aldeko botoa eman zutela esan du Bilduk. «PNVren irizpide gabezia, jarrera inprobisatuak eta hutsaren hurrengoaren pareko koordinazioa» erakusten dutela uste du koalizioak.

Bestalde, EAJk udal zorraz egiten duen aipamenen aurrean Bilduk gogorarazi du EAE-ANVk duela bost urte alkatetza lortu zuenean, Atxondoko Udalak bazeukala 450.000 euroko zorra, «inork ere ez digularik oraindik azaldu zertarako erabili zen diru hori». «Bai ANVko eta bai Bilduko gobernu taldeek egindako kudeaketari esker, zor hori gutxitzen joan» dela nabarmendu du koalizioak, eta «PNVren kritika demagogikoei jaramonik egin gabe» lanean jarraituko dutela adierazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo