Tolosaldeko alkateek osasun zerbitzuak hobetzeko eskatu diote Osakidetzari
GARA | TOLOSA
Tolosaldeko biztanleek pairatzen ari diren osasun zerbitzuen murrizketaren aurrean, eskualdeko alkateek agerraldia egin dute, «aho betez» duten «egonezina» azaltzeko, eta Osakidetzari irtenbide bat bilatzeko eskatzeko.
Beren herritarren «osasun zerbitzua besteetan ematen denaren berbera izatea» exijitu dute eskualdeko agintari nagusiek. Nabarmendu dutenez, eskaera 24 udalerritan onartutako mozioetan ere islatzen da, eta Rafael Bengoa Lakuako Osasun sailburuari bilera eskatu diote.
Alkateek diotenez, kezka pasa den azaroan hasi zen, Osakidetzak eta Asuncion klinikak hitzarmena sinatu eta eskualdeko osasun zerbitzuen kudeaketa klinika horren eskuetan utzi zenean, 20 milioi euroren truke. «Hitzarmen honek bidea ireki zion anbulatorioen zerbitzuaren okertzeari, esaterako espezialistak kentzen», azaldu dute udal mandatariek, eta hori lehen ere gertatzen bazen ere, «honek beste bultzada bat eman zion osasun zentroen huste horri», gaineratu dute.
Alkateek argi ikusten dute «eskualdeko biztanleek jasotzen dugun zerbitzuaren kalitatea iazkoa baino eskasagoa dela», eta horren adibidetzat hartzen dituzte aurkeztutako 800tik gora kexa.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko Plataformaren (TOPA) ikerketak azaleratu dituen datu kezkagarriak ere ipini dituzte mahai gainean, hamar espezialista baino gehiago falta direla ohartaraziz, eta ondorioz arreta kaskarragoa eta itxaronaldiak luzeagoak direla salatuz.