GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Eskifaia kofradiak gazteentzako ekintzak antolatuko ditu jaietan

Donostiako Piratak kolektiboak jai herrikoiak hobeto antolatzeko helburuarekin kofradiatan banatzea erabaki du. Sortu den lehenengo taldea gazte kuadrillez osatutako Eskifaia kofradia izan da. Honek gazteei zuzenduriko ekintzak antolatzearen erantzukizuna izango du. Etorkizunean kofradia gehiago osatzea espero dute, beste arloetan lan egiteko.

p061_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Piratak kolektiboaren parte diren zenbait kuadrillek Eskifaia kofradia sortu dute gazteei zuzendutako ekimenak hobeto antolatzeko, eta Abordatzean ez ezik, beste uneetan ere parte har dezaten. Aurten hamargarren urteurrena ospatzeaz gain eta Aste Nagusiari hasiera ematen dion «Artillero» abesteaz gain, antolakuntzari bira bat emango diote honela.

Piratek Donostiako Parte Zaharrean bota ohi dute aingura urtero eta portua eurena egiten dute. Eskifaia kofradiaren aurkezpena egiteko Kontxako hondartza aukeratu zuten atzo zenbait kuadrillen ordezkariek.

Koloretako kamisetak jantzita, aurrerantzean ikur gisara eramango duten marrazkia egin zuten hondarrean: ezpata, txupina eta erratza dituen pirata bat. Lehen biak, «jai giroan ederki pasatzen dakiten pirata gazte eta errebeldeak» direlako, eta azkena, ikasi dutelako jai herrikoiak aurrera ateratzeko auzolana ezinbestekoa dela.

Jarraian Eskifaia gazte kofradia zer den azaldu zuen Nerea Arriola Donostiako Piraten kideak: «Orain arte Piratak nahiko antolatuta bageunden ere, lana banatzea erabaki dugu. Hala, Eskifaia, tripulazioa esan nahi duena, gazteei zuzenduriko ekitaldiez arduratuko da».

Gazte kuadrillak izan dira kofradia sortzen lehenengoak, baina Piraten helburua da etorkizunean kofradia gehiago sortzea, eta bakoitzak, bakoitzaren interesei jarraituz, egitarau propio bat sortzea. Eskifaia kofradiaren kasuan, orain arte kuadrillen esku izan den eta jaietako ostiralean ospatzen den Kuadrillen Eguna antolatuko du. Egun horretan iaz arrakasta handia izan zuten pintxo lehiaketa eta herri bazkaria egingo dituztela iragarri digute, egitaraua oraindik itxi gabe duten arren.

Gazteak izan dira taldea sortzeko pausoa eman duten lehenengoak, baina aurrerantzean gainerako piratak biltzen hastea espero dute, garrantzitsua delako jaietan, antolakuntza txandetan edota aurretik egiten dituzten bileretan parte hartzea.

Etorkizunean, haurrentzako edota helduentzako ekintzak prestatzen dituzten kofradiak ere sortuko direla espero dute, Eskifaiakoek, 50 gazte talde inguruz osatuta dagoenak, gazteei zuzenduriko ekitaldiak besterik ez dituztelako prestatuko.

Baina Donostiako Aste Nagusian adin guztietako piratek parte hartzen duten ekitaldi bat badago, eta hain zuzen, Abordatzea da, guztietan jendetsuena. Partaide gehienak gazte kuadrillak badira ere, gero eta haur eta heldu gehiagok hartzen dute parte, eta horregatik Donostiako Piratak kolektiboa, orokorrean, arduratuko da horren antolakuntzaz, eta ez kofradia.

Jaiak taldeka antolatzeko erabakia Piraten I. Biltzarrean hartu zuten, lortutakoa kontuan hartuz. Helburuak orain artekoa izaten jarraituko du; jai herrikoi eta parte hartzaileei eustea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo