Argia | Xabier Letona, 2012/7/22
Hasi dira erortzen harresi batzuk
Euskal Herritar informatuak ondo aski daki Espainiak giza eskubideak urratu dituela hamarkadatan, eta urratzen dituela gaur egun ere. ETAren aurkako borrokan, gainera, herritar askok justifikatu ditu eskubide zanpatze horiek, eta ETAren biolentziaren aurrean, estatuaren biolentzia onartu izan du, izan berau Kongresuaren itzalpekoa edo estoldetako jariokoa. Estatuak behin eta berriro bihurritu ditu bere arauak, legezko ez zena Konstitituzioaren aterpean jartzeko.
Eta baztuetan, auzitegiek ere berretsi dute hainbat eskubide zanpatzen direla, orain Partot doktrina-rekin Estrasburgoko auzitegiak egin duen moduan.(...)
Ines del Rioren kasuaren ondoren beste ugari etorriko dira. Batetik, Estrasburgora bidean dira aurtengo martxoan eta ekainean Auzitegi Konstituzionalak atzera botatako 20 bat presoren helegiteak. Eta ikusi beharko da oraindik auzitegi honek aztertzear dituen helegite guztiekin(...).
Seguruenik, ikusi beharko da ea zer gertatzen den Espainiak Estrasburgoko Auzitegian jarritako helegitearekin, baina Ines del Rioren helegitea aho batez onartu da eta ez dirudi Espainiaren helegitea onartuko duenik. Eta Del Rioren epaia berresten bada, Espainiako Gobernuak presoa askatu beharko du, ez du beste aukerarik.
Ondoren, logikoena litzateke Espainiako Konstituzionalak bere egitea Estrasburgoko Auzitegiaren epaia, Partot Doktrina bertan behera uztea eta honek eragindako preso guztiak kalean jartzea. Bizi dugun garai berrian, hau guztia auzitegien agindurik gabeko bide adostua beharko luke: denbora, dirua eta sufrimendu asko saihesteaz gain, bake bideak nabarmen sendotuko lirateke. (...)