GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. Ortuñez, Errepresaliatua

Zorionez!!!

Estrasburgokoak argi erakusten digu hartu beharreko bidea: denon artean jo eta etxetik kanpo dauden guztiak ekartzea posible eta premiazkoa dela

Zorionez, Kolektiboko mintzaideek luzaturiko deialdiari erantzun baikorra eman diote Euskal Herriko eta ondoko estatuetako eragile politiko, sozial eta sindikalak interpelatuko dituzten euskal herritarrek. Zoritxarrez, lanik ez zaie faltako, egungo erronkak ikusita eta estatuek egoera berriak eskatzen duenari entzungor egin eta are kontrakoari ekin diotela kontuan harturik. Azken gertakariek aurreko artikuluetan iradoki nuena berresten dute, hots, estatuek errepresioa areagotzeko apustua egina dutela une honetan eta horren bitartez denok dakigunaren disolbatzea bilatzen dutela.

Zorionez, Europak bestelakoak egiaztatzeko ere ba omen ditu eta argi utzi dio Estatu espainolari 197/06 delako doktrina ez-legala izan ez ezik (inolako araudik ez baitu honelakorik aurreikusi), ilegala ere badela hark erabakitakoaz haragoko zigorra luzatzen duelako. Europako Auzitegiak Ines del Rioren helegiteari arrazoia eman dio; gainera, berea ez da helegitea aurkezteko moduko kasu bakarra eta beste preso askok gisa horretako erabakirik jaso lezakete, batzuen zein besteen planteamendu juridikoak guztiz berdinak ez badira ere. Zoritxarrez, errealista izanik eta oinak lurrean jarririk, argi daukat espainiar Gobernuak ez duela Estrasburgoko epaia gogoz onartuko. Are okerrago, egungo frankistek Europako erabakiaz barre egin dute -frankismoko agintariek «contubernio judeo-masónico-marxista» hura aipatzen zuten antzera-, Gallardon jaunak helegitea aurkeztuko zutela iragarri bitartean. Egia esan, azkeneko honetan datza berritasun bakarra, ministroak iragarri ere izan duen «prisión perpetua revisable» izenekoa prestatzeko asmoaren berri aspaldi eman baitzigun. Momentuz, Inesek eta besteek burdinen atzean jarraitzen dute. Gainera, 2003tik aurrera zigortutakoek, doktrinaz gain, 40 urte arteko zigorra ere badute. Eta gaixo direnek, bereziki hamalauk, kalean egon beharko lukete dagoeneko.

Zorionez, urrats garrantzitsu ukaezina da gaur komentatzen ari naizena. Horregatik ondorio batzuk (juridikoak zein humanoak, baita politikoak ere!) erantsi nahi nizkioke. Ikuspegi juridiko batetik, Estatu espainolarentzako ebazpena bada ere, frantsesak nola edo hala aintzat hartu beharko lukeela uste dut. Batik bat, nahiz eta bertako araudiz aurreikusita duten eta hortaz sistema ezberdin baten aurrean gauden, zinez bizi osorako espetxe zigorrak Erdi Aroko neurriz kanpoko legea ematen duelako. Areago, Gallardonek bere «revisable»-rako ematen dituen argudioak eta frantsesek Jon Kepa Parot bezalako presoak mugagabeki giltzapeturik mantendu nahian erabiltzen dituztenak antzekoak direlako. Baina ikuspegi politiko batetik begiratuta ere, ageriko ondorioak ditu erabakiak: kolpe ezin ederragoa eman dio espainolen orain arteko espetxe ildoari, horren oinarri nagusia baitzen doktrina, eta azken urteotako praktika judiziala goitik behera zalantzan jartzen du.

Zorionez, Estrasburgokoak mendekuari gailentzea lor daitekeela frogatzen du. Argi erakusten digu hartu beharreko bidea: laburbilduz, denon artean jo eta, eskura ditugun bitarteko guztiez baliaturik, etxetik kanpo dauden guztiak ekartzea posible eta premiazkoa dela. Gau ilunetan ere argitxoren bat agertzen ohi da zerumugan. Itsasoan bezala, olatuen aurka aritzeak ez du berri onik beti ekartzen; baina itsasargiak portua non dagoen erakusten dio marinelari. Aste honetan ez dut nik gau itxiaren amaiera oraindik ikusi, baina inoiz ez bezalako ilusioa eta grina atzeman ditut airean. Badakit ilunpeez harago Euskal Herri berria badela eta bere argitan ez dela preso edo iheslaririk kabitzen. Baina hori... denon esku dago. Espainolek ez omen dute inolako gogorik «legearen zama osoa» orain euren buruari aplikatzeko, eta denoi dagokigu horrela izan dadin bultzada ematea. Hirurogeita zazpi lagun bahiturik dauzkate oraindik, kalean jarri beharko dituztenak oraintxe!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo