Muskizko Muñatonesko gaztelua jendearentzat ireki dute eta gaur da lehen bisita
GARA | MUSKIZ
Bizkaiko Aldundiak Muñatonesko gaztelua jendearentzat ireki du eta bisita gidatuen programa eskainiko du Muskizen dagoen XVI. mendeko eraikinaren barrunbeak ezagutu nahi dituztenentzat. Lehenengo bisita gaur izango da.
Muñatonesko gaztelua eraikuntza prozesu luze baten emaitza da. XIV. eta XV. mendeetan zehar eraiki zuten, orduko Euskal Herria astindu zuten leinuen arteko borroken erdian. Bizkaiko arkitektura ondareak duen ale bikainenetarikoa da eta horregatik izendatu dute monumentu multzo, duen balio historiko aparta eta gaur arte iraun duten hondarren kalitatea nabarmenduz.
Izan ere, kanpoko harresien sistemagatik, gaztelutzat jo daitekeen dorretxea da, mota horretako Bizkaiko dorretxe bakarra. Gainera, Bizkaiko historiaren pertsonaiarik berezienetako bati lotuta dago, Lope Gartzea Salazar arma eta letra gizon ahaltsuari, alegia. Berak idatzi zuen «Bienandanzas e Fortunas» obra ezaguna.
El Pobaleko burdinolak lotura estua du bandokideen garaiko gotorlekuarekin. Lope Gartzea kronikagilearen ilobak, Otsoa Salazarrek, eraiki zuen burdinola XVI. mendearen hasieran, eta haren ondorengoek 200 bat urtean eutsi zioten burdingintzako negozioaren jabetzari.
Bi monumentuak, gaztelua eta burdinola, batera bisita daitezke, Bizkaiko iraganaren alderdi desberdin baina elkarren osagarri batzuez jabetzeko. Biak ere antzinako garaiak gogora ekartzeko indar handiko eszenatokiak dira. Euren bitartez jakingo dugu nola bizi ziren noble landatarrak eta zein aberastasun iturri zituzten euren boterearen oinarri.
Ordutegia eta prezioak
Lehenengo bisita gidatua gaur egingo da; ondoren, bisitak igandero egingo dira, irailaren 9ra arte. Euskarazko bisitak 11.30ean hasiko dira eta gaztelaniazkoak, 12.30ean. Ordutegi horiek bateragarriak dira burdinolako bisita gidatuekin.
Bisiten prezioa hauxe izango da: banakakoa hiru euro eta murriztua, bi. 12 urtetik beherako umeak dohainik sartuko dira, eta gaztelua eta burdinola ikusteko sarrera konbinatuak euro bat balio du.