Julen MURGOITIO
Tronpatuen zarata Jazarraldian
Jazzaldien garaia nonahi. Aretotik hondartzara, ilunabarrenetik gauera, eta gerokoak geroko. Tronpetaren soinua bazterrik bazter, jolearen masailak aldizka handituta. Belarrien gozagarri. Hala ere, nire kasuan belarriok efektu aerodinamikoa baino ez dute, haizeari aurre egitekoa edo; horregatik, seguruenik, ez dut larregi maite hondartza. Tira, harira! arrisku-sarira!. Jazarraldien garaia nonahi, egunean legez gauean ere, aretotik hondartzara mendi-bidexka, kale eta zumardi guztietatik pasatuta. Sekula ez dute kaletarrek hainbeste interesa azaldu ekonomiaren kontuez; baserritarrek eta arrantzaleek, ostera, aspalditik zuten interes hori zer eta kaleratua, ekonomilariek beraiek baino lehenago. Hortaz, entzuna dut Ekonomia Fakultateetan ikasketa programa aldatzea pentsatzen ari direla, errealitatean gertatzen dena ulertzeko moduko ikasgaiak eskaintzeko. Gauzak ondo bidean aldaketa Kazetaritza Fakultateetara ere ailegatu daiteke, behin hasiz gero. Gaitzerdi!. Hain da handia ekonomiaren gaineko interes behartua non gaurko hedabideek, lehen ez bezala, berriemaile bereziak burtsetara bidaltzen dituzten, Palestinako Gazatik edota Gipuzkoako atez atetik mugiarazita.
Begira gauzak noraino heldu diren! eguraldiaren tartea bera txiki ari da geratzen albistegietan!. Hau akabua!. Imajinatzen nago gure beheko Estatuaren hiriburuko burtsaren barrukoa egun arruntean. Berriemaileak lubakian sartuta, mikrofonoa eskuan, makurtuta edo, pantailatik bata bestearen atzetik pasatzen doazen zenbaki, numero, indize, zatiki eta abarrekoei arretaz edo begira, adierazle horiek zeren adierazle diren inork ez dakiela. Tronpatuen zarata bazterrik bazter barru hartan, zer ikusirik ez tronpetaren soinuarekin; hori bai, tronpatuek ere aldizka masailak handitu. Arrisku-saria diote, bai muturrak gero! Txarto arriskatu eta gainera saria!. Arrisku-zorria esango lukete sexuan arriskuz inbertituko balute. Sekula ez du kutsadura handi batek hain sorburu txikia, zin dagit. Burtsa ala hil!. Ama, ama! aurreikuspenak baino gehiago atzeikuspenak behar ditugu, burua nahi dugun etorkizunean jarrita. Bitartean, ekonomiak batzuentzat ondasun asko eta lurreko gainontzekoentzat hondamen asko sortzen ditu. Honek adierazle ezin argiagoa beharko luke edonon!.