Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Sky-ren zerua Arkaitz Durán suma un nuevo triunfo en la Pamplona-Baiona
Tour honetan, behin eta berriro erakutsi digute gainerakoak baino maila bat gorago zeudela eta edozein ibilbidetan eskaini dizkigute balentria ikusgarriak: esprint lauetan Cavendishek ortzadarra erakutsi du behin baino gehiagotan, aldapatxo laburretako heldueretan Boasson Haggenek hartu izan dio txanda, malda luzeetan azken selekzioa osatzen zenean, gehiengoa izan dira egunero lider biak bukaerara arte mantenduz eta erlojuz kontra... izar horiek igorritako argiaren abiaduran ibili dira. Eguna joan eta eguna etorri, tropelburua gidatzen hartutako lanak ahaztu gabe.
Aurtengo Tourrean nagusi izan dira eta, gustatu ala ez, onartu beharra dugu. Beraien ideia berritzaile eta «frikikeriekin» hasi zirenean, hodei batean zeudela zirudien eta betiko txirrindularitzan aritzeko «pijada» lar ote zebiltzan ere pentsatu genuen. Baina denborak erakutsi digu, hodei horretatik zeru osoa konkistatu dutela eta beraien izarrak helburua bete duela.
Gureek ere dir-dir egin dute Tour honetan eta herren utzi ditugun taldekideek zein Haimarrek benetan lan paregabea egin dute. Beraz, zorionik beroenak eta besarkada handi bana! Etxera bueltatzeko irrikan egongo zarete eta etxean gaudenok ere zuen etorrera gogoz hartuko dugunez... goza ezazue Pariseko ibiliaz eta laster arte!
Zutabetxo honekin bukatutzat ematen ditut Tour honetako nire lanak. Ez ditut nahi nituen guztiak bete ahal izan, baina gustura egin ditut. Vueltan izango naizen argitzear dut oraindik, baina hala bada, bide bazterretan zuen berotasuna jaso eta zutabetxo honetan elkarrekin partekatzeko esperantzan agurtzen natzaizue.