GARA > Idatzia > Kultura

Jazzaldia hedatuz doa, Donostia hartuz goizetik... goiizalderaino

Iaz Jazzaldia kanpotik begiratu zuen Victoria Eugeniak musika maratoi batez ospatu zuen mendeurrena, Jimmy Cobb-en zuzenekoa jaso eta gero. Gaur Orkestra-gizonen Orkestrak Tom Waits hartuko du oinarri bertan emango duen ikuskizunean.

p060_f02_142x225.jpg

Anartz BILBAO

Iaz Jazzaldiko egitarauak bazter utzi zuen Victoria Eugenia antzokia, antza denez, urte luzeetako zaharberritze lanen ostean ireki berri zen San Telmo museoari distira emate aldera. Eta aurten jazzerako berreskuratu da, besteak beste, herenegun mendeurrena ospatzen zuela baliatuta

ictoria Eugeniako oholtzak herenegun berreskuratu zuen protagonismoa, Jimmy Cobben zuzenekoarekin -teknikariak gauerdiko emanaldirako azken ukituak egiten ari zirela foyerrean-. Harrezkero ez du lorik egin, Josetxo Goia-Aribe goizaldeko hiruretan agurtu eta atzo eguerdirako Matt Savagen hirukoteari Club-ean txokoa egina zion-eta.

Hogei urte baino ez dituen piano jotzailea da Savage, hamaikarekin Blue Note zigiluak fitxatu eta urtebete geroago debuta egin zuena. Gurean, herenegun Kursaaleko terrazetan jo zuen Javier Mayor de la Iglesiarekin (baxua) eta Hasier Oleagarekin (bateria) hirukotea osatuz eta jendea asez. Atzo eguerdian, bigarren saioa zuen, eta Club Aretoa gainezka jarri zuen, tartean ume koxkortuak gurasoekin zirela. Azkenean, antolakuntzak 20 minutuko bi emanaldi adostu -aretoa hustu eta berriro beteta- eta musikariak zein ikusleak pozik, denek dute Jazzaldian beren tartea.

Victoria Eugenia antzokiak mendeurrena ospatzen du aurten, 1912ko uztailaren 20an ireki baitzituen aurrenekoz ateak. Ospakizunak soinu maratoi bat jasotzen du, zazpi talde bereziren partaidetzarekin, lau gune arras ezberdinetan. Jaia gauerdian hasi eta izugarri luzatzen da, goizalderaino. Musikaren aurretik, ekitaldi ofizial xume bat hartu zuen antzokiak, herrialdeko eta hiriko agintariak bertan zirela, Easo abesbatzako umeen ahots gozoz girotua.

Sarrerak agorturik ziren, ez baitziren alferrik merke-merke jarri, 3 euroan. Antzokia izanik, ateak parez pare zabaltzeko aukera bakarra da, 900 lagunetik gora ezin baititzake jaso segurtasun arauak tarteko -888 zale izan omen ziren bertan-. Gauerdia da, hiru proposamen ditugu aukeran, hirurak aldi berean. Ganbaran Just Friends boskotea, Dantza Aretoa deitzen duten gelan. Proposamen lasaiena da akaso, bere lana ondo betetzen duen talde atsegin baten eskutik. Taldea euskalduna da, Baionatik baitator, eta Dominique Burucoa (tronpeta eta ahotsa), Emmanuel de Montalembert (gitarra eta ahotsa), Laurent Aslanian (baxua eta ahotsa), Arnaud Labastie (pianoa) eta Antoine Gastinel (bateria) musikariek osatua da. Jazz klasikoa egiten dute, «urrezko» aroa gogoan -Count Basie, Duke Ellington, Benny Goodman...-.

Handik behera jo dugu, Mari Kvien Brunvoll entzutera. Kantari norvegiarrarekin ustekabeko ederra hartu dugu, proposamen arras berezia baitu. Oholtza txiki batean hankak gurutzatuta dituela hippy baten antzera jarrita, ahotsa du tresna nagusia, jotzen dituen perkusioez batera -lepokoak astinduz, eta abar-. Gainera, tresna batez arnasketa anplifikatzen du, eta horrela baxua edo sekzio erritmikoa osatu. Gakoa oin parean dituen tresna elektronikoetan dago, loop-en bidez ahotsak grabatu eta hauen gainean behin eta berriro abesten baitu, soinu geruzak eratuz. Hurbil-hurbiletik bi dozena lagun ditu adi, Prentsa Gunean jo baitu, sekula musika emanaldi baterako erabili ez den areto txikia. Erdi akustiko erdi elektroniko, une magikoak eskaini ditu ahots ederrez -oso agudo abesten du- eta tarteka Mursego ekarri digu gogora. Irakurri dugunez, bi aldiz jarraian erdietsi du Spellemannprise saria Norvegian, eta bertako musika abangoardia ospetsuko kidea da; jazzaldiak aurkeztu digun harribitxia.

Areto nagusira izan ezik, beste gune guztietan baimendua dago edariarekin sartzea -taberna zabalik da hemen!-, eta horrek joan-etorria errazten dio bati baino gehiagori. Oholtza nagusian eskarmentu izugarria duen Ray Gelatto dugu protagonista, taldetzarra lagun duela. Izena ere dotorea du Louis Prima omentzera datorren gizonak.

Ordu bata jo eta agudo gora berriro, Peter Evansek Dantza Aretoa hartu du dagoeneko. Gure zoritxarrerako, jendea eskaileretan zain aurkitu dugu, guneak gainezka egin du-eta. New York hiritik datorren artista da Evans, iaz San Telmo museoan entzuleak aho bete hortz utzi zituena, Mostly Other People do the Killing laukotearekin. Xxxx, tantaka-tantaka aretoa utzitzea lortu du artista paregabeak, jardun itzel zoroa burututa. Evansen erruz ordu berean foyerrean jo zuen Dorantes: Sin Muros! Ekimena galdu dugu, Clubean Terje Rypdal baikenuen zain.

Ordu bietarako azken bi zuzenekoak daude iragarrita. Jendea nekeak hartua dago jada, antzokian hara eta hona ibili diren agintariak ere joanak dira. Harrigarriro, 12.00etan baino gazte gutxiago dago -hondartzara Destroyer entzutera joanak ote?- eta adineko jendea da zutik dagoena. Atzerapen txiki bat izan du Josetxo Goia-Aribek foyerrean, festari segida moztuz, musika tresnak akoplatzearen txistu jasanezin batzuekin batera. Baina merezi izan du hamar minutuko itxaronaldiak, saxofoi jotzaile nafarrak egin digun gonbita ere ez baita nolanahikoa. Bere hirukotearekin batera xx dugu ahotsean, zer eta jota nafarrak kantatzen! Jotak eta jazza, bai, nahasian eta emaitza txundigarria sortuz, eureka! Xx Biba zuek. Tafallako neskatoari so, ohartu garenerako Oholtza nagusiko jarduna bukatua du S. Mos disko jartzaile frantziarrak, eta guk kale egin dugu, jakin-mina genuen arren nola demonio uztartzen duen jazz musika hip hop eta soinu elektronikoekin.

Ospakizunaren filosofia iaz San Telmo museoak gauerdian izan zuenaren antzekoa da, eta oso erakargarria suertatzen da. Datorren urterako beste efemeride potoloren bat aurkitu beharko du antolakuntzak, ordu txikien lagunek aukera zoragarri hau gal ez dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo