Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Militarrak karrikan
Uda bete-betea. Eguraldi ona hondartzara joateko; heldu dira, larunbatero uholde berria hor dugu, supermerkatuak jendez blai, aste osoko erosketak egiten, frigoak bete behar, lehen ibilaldiak hasi baino lehen. Astero berdin, hor bazter guztiak beteak dira, apartamentu guztiak hartuak, kostalde honetan urtean hutsak dauden etxeak betetzen dira. Erran nahi baita herri bakoitzeko biztanle kopurua bikoizten, hirukoizten, laukoizten... dela. Xuxenik zenbat aldiz biderkatu behar den jakitea nahiko zaila da, etxebizitzen gainetik kanpinak baitira, eta hor kopuruen jakitea askoz eta zailagoa izaten da, ez baita horri buruzko informaziorik zabaltzen. Joan den astean jakin dugu Donibane Lohizuneko lau kanpin hustu behar izan zituztela lehergailu mehatxu batengatik, eta ondorioz lau bat mila jende mugitu behar izan zituztela. Hain xuxen, gertakari bitxia, baina poliziaren garrantziaren erakusteko aukera, nonbait manera bat kanpotik etortzen direnei hemen gauzak ez direla aldatzen gogoratzeko. Kanpinen inguruan poliziaren presentziak erakutsi zien oporretara etorri zirenei, nork zien segurtatzen egonaldi lasaia. Sozialistak ere maila horretan neurrian ari direla erakusteko aukera zaintzen.
Maila horren beste adibidea eman digu gaur egun sozialisten menpe dagoen poliziak. Euskal Herriari buruz bultzatzen duten politikaren irudi esanguratsua eman digute, hegoaldetik hurbildutako Guardia Zibilaren ordezkariei jendarmeek egin dieten harrerarekin. Bi erakunde horiek militarrak dira, eta noski hurbiltasun baten barnean dabiltza, baina inoiz ez genuen Guardia Zibilaren itsasontzirik ikusi Donibane Lohizuneko portuan, inoiz! Ondoren, bi indar militarren ordezkariak, elkarrekin, denak armatuak, Donibaneko hondartzan patruilatzen agertu direlarik ikusgarria egin zaigu, Parisetik eta Madriletik igorritako mezuaren adierazle. Hau da hautatutako kolaborazioa. Ez da Ertzaintzarekin aritzeko kolaborazioa lehenesten, bi estatuen babesle zintzo eta gordinenak atera dizkigute Lapurdiko kostalde honetan. Lur honetan bi indar militar daude euskal abertzaleak zaintzen, lur hori beraien menpe dagoela erraten digute. Ez dut erran nahi Ertzaintzarekiko kolaborazioa hobe zitekeenik, soilik azaldu nahi dut hau ez dela hautatu, baizik eta militarren arteko kolaborazioa. Horrez gain, hau da erakustea erabaki dutena! Gordetzen dutena ez da xamurragoa izanen! Hau, bake prozesuaren garai bete-betean! Harropuzkeria! Urtero la patrouille de France ateratzen dute, hondartzan ikusgarri bat antolatzen dute frantses armadako hegazkin hegaldiekin, Frantziaren handitasunaren frogatzeko. Aurten Guardia Zibilaren itsasontzia ekarriz handitasunen arteko loturak plazaratu nahiko zituzten. Txikiok ez ditugu horrelakoak ulertzen....
Ez dut oraindik entzun frantses jendarmerik ibiltzen ikusi dutenik Donostiako karriketan edo frantses armadako itsasontzirik Donostiako portuan, edo frantses jendarmerik hegoaldean, polizien kontroletan. Alta, gero eta gehiagotan entzuten dugu Espainiako poliziak Ipar Euskal Herrian, baita Frantzian ere ibiltzen direla. Krisiarekin sobera polizia kanporatu al ditu Frantziak, eta orain Rajoyren poliziaren laguntza behar du, ala?