GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gurutz Garmendia Osinalde | Euskaltzalea

Arbola zaharretako kimu berriak

 

Aspaldiko esaera da, «hainbat buru, horrenbeste aburu» eta badirudi benetan ere horrelaxe direla gauzak. Eta urrutira joan gabe gure herrietako edozein plaza edo tabernatan era guztietako iritzi eta pentsaerak nabaritzen dira. Krisi sasoian omen gaude eta guzti-guztia bertan behera joan daitekeela entzuten da, eta oinarritutako zalantzak mahai gainean jarri arren, ez dirudi inortxok ere erantzunik emateko gaitasunik daukanik. Baina ditxosozko krisia arlo guztietara zabaltzen ari da eta gaur egun ez dakigu ziur nongoak garen ere. Baina horretarakoxe daukagu zorioneko historia. Gure jatorri eta identitatea liburuetan aurkitu behar omen da, eta haiek esaten dutena sinistu. Baina herriak ere badauka bere oroimena, eta ahoz aho gorde dira Euskal Herriko haranetan, euskaldunen berri ematen duten elezaharrak. Zaindu eta babestuak hainbat herrialde garatuetan, eta gurean, berriz, baztertu eta sasituak izaten direnak behin eta berriz.

Geure jatorrian omen dago gakoa eta hortxe koxka. Jakin ez nongoak garen ere. Bilbo aldeko gazte gudari batek esan omen zion bere aitari naparra zela bera, eta aita jatorriz Salamancakoa izanik, zurt eta lur gelditu omen zitzaion. «Siempre estabais diciendo `gora Euskadi askatuta' y ahora resulta que sois navarros. No lo entiendo hijo mío». Zalantzaz beteta gabiltza denok ere, eta ez da erraza asmatzea. Baina argitasunak ere egon badaude, eta jakin badakigu euskalduna dela Europa mendebaldeko herririk zaharrena, eta esate horrek, egiaztatze horrek dakartzan ondorioak itzelak direla.

Gure arbasoak izan omen ziren hotzaldi handiaren ostean goraka egin zutenak pittinka-pittinka, eta ondorioz euskaldunak Europatik barreiatu. Mundu mailan lanean ari diren ikertzaile ospetsuenek esaten dute, Auñamendietako bi isurialdeetan eta Kantauriko kostaldean aurkitzen dela Europako jatorria, antzinako Baskonian hain zuzen ere. Noski, ez da berdina gertatzen zorioneko espainiar Monarkian. Hainbat dira esan eta sinistu ditugun gezurrak. Historia garaileek idazten dutela esaten da, baina benetan, idazten dakitenek idazten dute, eta gure ohitura ahozkoa izan da betidanik. Gaur egun maputxeek, zuluek edo Siberia aldeko jatorrizko herrialdeek daukatenaren antzerakoa. Bertso, kantu, olerki, ipuin, kondaira eta elezaharretan oinarritu izan da euskal kulturaren transmisioa betidanik, eta gaur egun aldiz, oso bestelako komeriak ezagutzen ditugu.

Argitasun pixka bat emate aldera, «Errezilgo batallak» aipatu daitezke, bertso paperetan Xenpelarrek jasoak. Agertzen ote dira bataila hauek historiako liburuetan? Oker ote daude mendez mende kondaira gorde duten inguru haietako baserritarrak? Onartezina da ondare kultural hau guztia bertan behera galtzea. Errezildik gertu daude Ekain eta Praileaitz eta beste hainbat gune historiaurreko. Etxe aurrean dauzkagu aurreneko andra-gizonen jatorriak eta babestu beharrean, porlanaren truke saldu dute Praileaitz betikoek. Demonioz- ko mandatari eta euren politiko txorimaloek zergatik ez dute hausnartzen toki hauetako aberastasunaz? Izarraitz aldea baldin bada andra-gizonen jatorrizko guneetako bat, nola onartu daiteke Praileaitz desagertzeko arriskuan egotea?

Ez dakigu asko gure jatorriei buruz, baina badirudi Aiako harria izan zela barduliarren mendi bedeinkatua; eta Larrun, berriz, baskoiena. Eta bi leinuen arteko anaitasuna sinatzeko, Jaizkibeleko mendatea zabaltzen dela bi haitzen artean. Eta elezaharrek diote baita ere, Ernio eta Izarraitz anaiak direla, eta Bardulia aldeko basa-mutilak ospetsu zirela bardoen printze eta gudarien lore izateagatik. Sustrairik gabeko arbola laster eroriko da lurrera. Hainbat gudariren odola isuri omen zen Errezil aldean, euskaldunen askatasuna babesteko. Eta hori ezin da itzalean laga. Geure jatorria ezeztatuaz, geure gaur eguna ere ezeztatzen dute. Eta lehengoak gudari baziren, oraingoak gehiago. Kantu zahar batek esaten duen bezala, «agian agian, egun batez jeikiko gira egiazko xiberutarrak, egiazko eskualdunak, tirano harrotzen hiltzeko».

Ez da ahaztu behar, preso eta iheslari dabiltzala Euskal Herriagatik dena eman duten hainbat eta hainbat gudari. Arbola zaharretako kimu berriak, eta gaur egun lehen bezalaxe, auzotarren babesa behar dutela gure artean azkar-azkar izateko berriro ere. Gogorrak dira espainol eta frantsesen kartzela ustelak, gogorra erbestea eta gogorrago agian gurasoen atsekabea. Aita-ama, senide eta lagunen ezinegona. Zalantzaz beteriko munduan bizi gara eta ezinegona da nagusi. Ezin asmatu lagune! Baina izan badira ereduak gure herrian, eta bakoitzak egin dezala bere aukera. Urak dakarrena, urak daroa.

Euskal preso eta iheslariak etxera! Eta eskuminik goxoenak senide guztientzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo