GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Lokalismoak, gero eta hedatuago dagoen gaitza

Tokikoek kanpotarrek baino eskubide gehiago dutelako ustea oso hedatua dago mundu zabaleko urautsietan, baita gurean ere.

p036_f02.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Aurreko asteetan surfean aritzeko jakin behar diren arauak eta urautsian izan beharreko jarrera genituen hizpide atal honetan. Bertako surflariekin izan beharreko tratua, arauen konplexutasuna eta, idatzi gabe egon arren, kontuan hartu behar diren zenbait arau ere aipatu genituen.

Zuzenean edo zeharka, sarri, lokalismoen afera genuen oinarrian. Gaurko honetan, lokalismoen inguruan hitz egingo dugu, beraz.

Leku batzuetan urautsia eurena dela pentsatzen duen jendea izaten da. Irizpide desberdinak medio, bertakoa nor den eta nor ez den erabakitzen du surflari talde batek, eta horren arabera, bertakoen taldetik at dagoen orok ez du haien urautsian surf egiteko eskubiderik. Edo kasu batzuetan, eskubidea bai, baina beti ere, bertakoen atzetik.

Azken bi hamarkadetan, surfak izan duen gorakadarekin batera aipatu jarrera horiek ere gora egin dute. Lehen, soilik jende asko pilatzen zen urautsietan izaten ziren liskarrak. Egun, ordea, edozein lekutan izan ditzake arazoak surflari batek, batez ere, etxetik urrun badago.

Surf gidetan leku bakoitzeko lokalismo maila ere aipatzen da; izan ere, bidaian doan surflaria, beti izango da kanpotarra eta tokikoen legeak errespetatu beharko ditu, baina leku guztietan ez da harrera bera izaten. Bertakoak diren locals (ingelesez) edo «lekutarrak» (Iparraldean) izan ohi dira urautsia zaintzen, eta askotan haiek baino ez dute agintzen.

Leku jakin batzuetan olatu oso onak izaten dira. Kasu horietan jende asko pilatzen da urautsian eta beti izaten da bertako jendeak osatutako talde bat, gainontzekoek baino eskubide gehiago duela dioen taldea.

Afera politikoak ere eragin dezake kasu askotan. Esate baterako, olatu onak, sarri, eguzkia, ur beroa eta koralezko arrezifeak izaten diren lekuetan aurkitzen dira. Kasu gehienetan osagai horiek irla tropikaletan aurkitzen dira, eta bertakoen historia zapaldutako herri baten historia izan ohi da; beraz, kanpotarrak begi onez ikusten ez dituzten lekuak izan daitezke.

Paradoxikoki, aipatu irletan, bertakoen taldea nork osatzen duen ikusteak harridura sor diezaguke; izan ere, kolonoak eta kolonizatuak talde berean nahastuta daudela ohartuko gara. Hawaiin, esaterako, Pipelineko urautsian nork surf egin dezakeen erabakitzen duen bertakoen taldea nortzuk osatzen duten ikusi besterik ez dago. Aurrez, «lekutarrek» Black Shorts izena zuen taldea osatzen zuten, eta haloe deitzen duten kanpotarrari han nork agintzen zuen erakusten zioten.

Egun, Da Hui izena dauka elkarteak eta soilik hawaiiarrez osatutako taldea dela diote, baina haien buru Eddie Rothmanen azal zuria ikusi besterik ez dago benetan bertakoak zeintzuk diren eta zeintzuk ez diren konturatzeko. Edonola ere, Pipelineko urautsian ez dago eztabaidarako lekurik, zuzen-zuzenean ukabilkada pare bat eman eta urautsitik bidaltzen zaituzte.

Baina, zapalkuntza historiarik edo urautsi famaturik ez duten lekuetan ere badira «lekutarrak». Bra Boys izeneko talde baten historia, esaterako, oso famatua da. Australian, Sydneytik gertu dagoen ingurune txiro bateko surflarien istorioa ezagun egin zen 2007. urtean.

Maroubrako surflari talde batek «Bra Boys: Blood is thicker than water» (Odola ura baino lodiagoa da) dokumentala argitaratu zuen. Taldekideek berek egindako filma izan zen eta bertan haien taldearen nondik norakoak kontatzen zituzten. Ia oharkabean, indarkeria leialtasun keinu gisa agertzen zuten eta berau «lekutarrek» beren ingurunea defendatzeko bitarteko gisa aurkezten zuten.

Nat Young surflari mitikoak gai hau jorratu zuen «Surf Race» izeneko liburuan. 2001. urtean bere etxe ondoko urautsi famatuan (Angourie point) surf egiten ari zela, liskarra izan zuen beste surflari batekin eta hark emandako kolpeen ondorioz ospitalean eman behar izan zuen denboraldi bat.

Young, 1964an munduko txapeldun izandakoa, ospitalean zegoen bitartean beste zenbait idazlerekin harremanetan jarri eta liburu hura prestatzen hasi zen. Aurrez, beste zenbait liburu ere argitaratu zituen, tartean 80ko hamarkada hasieran argitaratu zuen «The History of Surfing» liburu ezaguna.

Youngek eta beste zenbait idazlek, munduko hainbat urautsitan localekin izandako liskarrak hizpide hartuta, hausnarketa interesgarriak egiten dituzte. Amaieran, «urrezko arau bat» proposatzen du surflari historikoak: «Urautsian olatuaren zain denbora gehien daraman surflariak du lehentasuna».

Paul Hersey Zeelanda Berriko surflari eta idazle ospetsuak ere «indartsuenaren legea» gailentzen ari den garaiotan hausnarketarako deia egiten du. Munduko zenbait lekutan izandako esperientziak kontatzen ditu. Bertakoekin izandako liskarrak, urautsiari argazkiak ateratzeagatik izandako arazoak, eta abar. Adibideen bidez, indarkeria jarrerak errefusatu eta aldi berean lokalismoen konplexutasuna azaleratu nahi du.

Herseyek lehen pertsonan kontatzen dituen istorioak ikaragarriak dira. Antza, idazle hau garaia eta indartsua da, eta horregatik ekidin izan ditu zenbait ukabilkada, baina kontatzen dituen pasadizoak edonori zer pentsatua eman beharko lioketen gertaerak dira, eta horregatik kontatzen ditu, hain zuzen ere.

Derek Reillyk, beste surflari eta idazle bat, surf munduan paradigma aldaketa bat gertatu dela dio. Honela mintzo da: «Urautsian askatasuna ikusten zuen belaunaldi hark, ezarritako ordenaren aurka eta drogen alde, kaka pila bat baino ez den mundu honetatik ihes egiteko bitarteko gisa ikusten zuen urautsia. Beraz, urautsian ihesbide bat ikusten zuen belaunaldi hartatik, ihes egin nahi zuten mundu erasokor, kontserbadore eta lehiakor hori bera urautsira eraman duen belaunaldira pasa gara. Eta paradoxikoki gainera, egungo eredua, etengabe gero eta parte hartzaile gehiago erakartzen duen eredu bat da».

Orain gutxi arte localak edo «lekutarrak» soilik urautsi jakinetan aurkitzen ziren. Batetik, olatu onak izan ohi diren lekuetan, Mundakan kasu. Bestetik, «ezkutuko urautsi» edo ustezko «secret spot» famatuetan, Itziarko Sakoneta itsasbazterrean kasu. Eta azkenik, olatu txarrak izan arren, kanpotarrak onartzen ez dituzten lekuetan; Orioko hondartza kasu.

Azken urteetan surflari kopuruak gora egin du eta beren burua bertakotzat jotzen duten taldeak ere sortu dira.

Urte askotan lasai surf egin ahal izan duten surflariek ezin jasan dezakete egungo «masifikazioa», eta gazteei, berriz, gainontzekoek baino eskubide gehiago dutela argudiatzeko nahikoa arrazoi iruditzen zaie bertakoak izatea.

Ukabilkadak, jarrera harroak eta antzekoak gero maizago ikusten dira uretan, baina egoera oraindik ez da muturrekoa, nahiz eta okerrera egingo duela dirudien.

Hitzetik hortzera dabilen «masifikazioa» oraindik ez da benetan hona iritsi. Baina irtenbiderik ere bada, autoentzako aparkalekuak urrunago jarriko balira eta surflariak uretan jarrera lasaiago batekin ibiltzeko ahalegina egingo balute, «arazoak» arazo izateri utziko lioke.

indarra arrazoi

Da Hui elkartea soilik hawaiiarrez osatutako taldea dela diote, nahiz eta tartean ile-hori ugari dagoen. Benetan bertakoak diren? Edonola ere, Pipelineko urautsian ez dago eztabaidarako lekurik, zuzen-zuzenean ukabilkada pare bat eman eta urautsitik bidaltzen zaituzte.

derek reilly

«Urautsian ihesbide bat ikusten zuen belaunaldi hartatik, ihes egin nahi zuten mundu erasokor, kontserbadore eta lehiakor hori bera urautsira eraman duen belaunaldira pasa gara. Eta paradoxikoki, egungo ereduak, gero eta parte hartzaile gehiago erakartzen ditu»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo