GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Nazioarteko era

Esnaolak eta Etxaburuak irabaziz amaitu dute Euskal Liga

Azkeneko jardunaldiko azkarrenak izateaz gain, lehiaketako bi segalaririk onenak izan dira.

p034_f02_345x453.jpg

Jon LEUNDA

Igor Esnaolak eta Alatzne Etxaburuak irabazi zuten, mutiletan eta nesketan, nazioarteko erako Euskal Herriko Ligako azkeneko jardunaldia, baita txapela ere horrekin batera. Amaierako saiora lehen postuan heldu ziren, eta inor ez zen gai izan aipaturiko biak hortik mugitzeko.

500 ikusle pasa batu ziren atzo Zaldibian saioa ikusteko asmoarekin. Gizonezkoek 100 metro koadroko sail bana ebaki behar izan zuten, eta neskek, berriz, 35 metro koadroko bana.

Emoziorik handiena gizonezkoetan zegoen. Lehen posturako borrokan Esnaola eta Mitxelena agertzen ziren, eta hirugarren posturako, berriz, Goenaga eta Altzo. Atzoko emaitza erabakigarria izan zitekeen, baina betiere denborari begiratu behar zitzaion, azkenean horrek erabakiko zuelako. Atzo, ordea, ez zen ezusterik izan, eta Esnaolak lortu zuen garaipena. Legorretakoak oso azkar ebakitzeaz gain, oso txukun moztu zuen belarra eta ez zuen zigorrik jaso. Horrek txapela lortzeko balio izan zion. Garaipena eskuratzeaz gain, txapelketa osoan belarra txukunen ebakitzen zuenarentzat zegoen saria ere beretzat izan zen. Bestalde, hirugarren postuan Goenagak amaitu zuen, eta podiumean sartu zen.

Emakumezkoetan ere ez zen ezusterik izan. Etxaburuak bidea nahikoa erraztuta zeukan, eta atzo ere garaipena berak lortu zuen, eta horrekin txapela ere beretzat izan zen. Arrate Garin izan zitekeen atzoko bere aurkari nagusia, baina hirugarren postuan amaitu zuen. 23 urtez azpikoak onenekin aritu dira lehiaketa guztian zehar.

Segalari guztiek eraman zuten oroigarri bat

Ligan parte hartu zuten segalari guztiek eraman zuten oroigarri bana. Horretaz gain, aipamen bereziak izan ziren, eta segalaririk zaharrenaren saria Joakin Garmendiak eraman zuen. Txarronek, berriz, beste bat izan zuen, Ipar Euskal Herriko bakarra izan zelako.

Urkola, Otamendi eta Intxausti, gazteetan onenak

Maila nagusiaz gain, 23 urtez azpikoen lehia ere bazegoen. Urkola izan zen onena mutiletan, berak bakarrik hartu baitu parte. Nesketan gehiago izan dira, eta garaipena Otamendik eskuratu zuen. Azkenik, 16 urtez azpikoetan, mutilak aritu dira, eta Intxausti izan zen onena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo