Josebe Egia
Ipuinetatik urrun
Antza, printzesa guztiak ez dira izaki etereo apaingarri erakoak. Oraindik printzesak, eta errege-leinu osoak, existitze hutsa nahiko harrigarria bada ere, absurdua den heinean, egon badaude. Batzuk, gehienak, euren jauregietan bizitzen, ondorengoak sortzen eta hezten, eta hainbat ekitaldi motatan parte hartzen, tokatzen denaren arabera. Bada bat, baina, ez dena aitaren jauregian bizi, ezta bere herrialdean ere; ez da ahotsik gabeko beste emakumezko ondorengo bat, alderantziz, bere herrialdeko irudi gisa egin dezakeenaz jakitun, bozgorailua hartu eta munduagatik zerbait ona egitea erabaki duen bat da. Basmah bint Saud du izena, eta Saudi Arabiako emakumeentzat berdintasuna eta eskubideak aldarrikatzen ditu, besteak beste, irmotasunez, baina errealismotik hurbil. Bertakoa ondo ezagutzen baitu.
Printzesa honek bere herrialdeko jendartean izandako leku pribilegiatua -beste emakumeekin alderatuta-, hezkuntza aukera, esaterako, alde batera utzita, edo, alderantziz, lerrootara ekarrita, ezin zaio ukatu adorea baduela. Bere ezagutzak eta baliabideak giza eskubideen alde egiteko baliatzeak, bere herrialdeko ezarritako ordenaren eta familiaren gainetik, berezi bihurtzen du, eta, besteak beste, kotoi artean eta munduaren arazoetatik at bizi direla diruditenak agian ez direla horren entzungor pentsatzera eramaten du, batik bat, emakumeei dagokienez. Izan ere, goi-esfera horietan, badirudi emakumeari denak egiten diola irrist, edo, behintzat, ahalik eta pertsona hutsena izateko programatzen dituztela: goibel tokatzen bada, ezpain-ertzak behera; ospatzekorik badago, begietan txinpartak; herria estu eta larri badabil, desagertu eta lorategi politagorik bilatu, edo oinaze aurpegia erakusteko zenbait agerraldi publiko egin, «herriaren sufrimendua nire sufrimendua da» modukoak.
Emakume honek ekintza hautatu du berdintasunezko jendarte saudiarabiarraren alde. Horren gainean, esaten du bere familiako ia emakume guztiak gaitzetsi egiten dutela, baina seme-alabak eta 35 urtetik beherako saudiarabiarrak, oro har, alde dituela, belaunaldi berrien pentsaera aldatzen ari den seinale. Esan ere esaten du bere herrialdeko ministroren batek ere, isilpean, defendatu egiten duela. Izango da ados dagoelako emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin, dibortzio legeen, hezkuntza-sistemaren, gizarte-zerbitzuen eta emakumeen jagole paperaren (aitak edo senarrak baimendutako joan-etorrietan, onartzen zaizkion bakarretan, emakumeari laguntzen dion gizonarena) erreformarekin. Hori guztia defendatzen baitu printzesa geldiezinak.
Saudi Arabiaz ari garela kontuan hartuta, agintaritzako gizonak ere egon daitezkeela horren alde seinale ona dirudi, etorkizuneko belaunaldiak bestela heziak izango direla espero daiteke, hala ere, «emakumeek gaitzesten naute», «isilpean» xehetasun txikiak, pisu handia du edozer aldatzeko orduan, agerikoa, irmoa behar du izan asmoak, babesak, erabakimenak. Printzesak bezala beste askok ere izatea, hasiera bat da, eta hasierak beti dira gogorrak.