Bost mende geroago, bizi-bizi dago Nafarroa
Amaiurko oroitarria ez zara handiegia/ iragana ere bizirik dago guda bat da alegia/ ta historiak zentrotzat badu irabazleen begia/ zugan betiko gordea dago galtzailearen egia». Halaxe kantatu zion Amets Arzallusek Otxondo azpian, lau mendixken aterpean sutan ageri zen monumentuari.
Maider IANTZI
Duela bost mende bertan zegoen gaztelu beltz zaharrean, Nafarroa independentearen alde logika guztien kontra -200 euskaldun Gaztelako 10.000 soldaduren aurka- borroka egin eta bizia galdu zutenei omenaldi beroa egin zieten Nafarroako eta Zuberoako herritarrek «Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da» ikuskizunarekin.
Hirurehun biztanletara ailegatzen ez den Amaiur Baztango herri ederrean 1.700 lagun elkartu ziren larunbatean, Pier-Pol Berzaitzek sortu eta Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Mauleko Gazteluaren Lagunak elkarteak antolatutako ikuskizunaz gozatzeko. Herrira ailegatu eta auto ilara luzearekin egin genuen topo. Aparkalekutzat jarritako zelai zabalean jaitsi eta pauso batzuk eman orduko bertze garai batera bidaiatu genuen. Han ziren Espainiako Errege Katolikoak, Isabel Gaztelakoa eta Aragoiko Fernando; ezkondu zituen obispoa, kalonjeak, Baztanen baztertuta bizi ziren agotak, orain dela 500 urteko Amaiurko artzain, dantzari eta musikariak...
Amets Arzallus bonet eta atorra urdinarekin zegoen. Kontatu zigunez, bi zati zituen ikuskizunean eta bat landuagoa ekarri zuen eta bertzea inprobisatu eginen zuen, bidean joanen zen egiten. Bezperan entsegu orokorra egina zuten -publiko eta guzti, eta harmailen erdia-edo bete zen- eta hor ikusi ahal izan zuen Hendaiako bertsolariak emanaldia eta bere parte-hartzearen momentua nolakoa izanen zen. Aitzinerago, Iruñeko Mutiko Alaiak fanfarreko Enekorekin egon ginen. Baztango gaiteroekin batera, Erdi Aroko abestiak jo behar zituzten ikuskizuna baino lehenagoko desfilean.
Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako haur, gazte eta helduek irekitako pasabidean barna abiatu zen desfilea. Nafarroako banderak eta ikurrinak ikusten ziren, jendea balkoietatik begira, batzuk irekitako ostatuetan ogitartekoa eskatzen edo trago bat hartzen. «A ze etxeak!», erraten zuen ikusleen artean zen Jose Angel Irigarayk herriarekin liluraturik. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak ere desfilean ziren, kuxinak besapean, gero, ikuskizunean, Pettik kantatu bitartean indusketetan aritu behar baitzuten. Inhar Agirrezabal donostiarra Amaiurko gazteluaren aztarnen bila ibilia da eta abuztuan berriro etorriko direla jakinarazi zigun.
Ogitarteko, gazta, zerbeza eta ardo botilak eskuetan, belarretan jarritako egurrezko harmailetan esertzen joan zen jendea, konkistatzaileek erretako gaztelua zegoen lekuan herritarrek altxatutako monolitoaren itzalean -1922an inauguratu zuten oroitarria, baina 1931n, Lizarrako Estatutua eztabaidatzen ari ziren urtean, birrindu egin zuten batzuek. 1982an bertze monumentu bat eraiki zuten, lehenengoaren harriak eta Olitekoak erabilita-. Agertokiaren bazter batean musikariak zeuden, eta urrunxeago, etxola baten ondoan, bi artzain eskuak makilaren gainean jarrita.
«Hau izugarria da!»
Felix Irigoien amaiurtarra zen horietako bat, eta etzanda eta lasai zirudien, baina egiaz belarriak tente eta jendeari bizkarra emanez ikaratu samar zegoen bere txakurraren ondoan, adierazi zigun «ezin sinetsi» zegoela hainbertze jende ikusita. «Hau izugarria da!», zioen. Bi eszenatan atera behar zuten artzainek; ardi latxak etxolatik agertoki aitzinera eraman behar zituzten. «Animaliak ez daude ohituta hainbertze jenderen artean egoten. Ez dakigu zer pentsatzen duten», azaldu zigun. Bezperako entseguan, lehenengo agerraldian baino hobeki egon omen ziren bigarrenean. Hauek ere, gu bezala, ohitu egin behar.
Hasi zen herri antzerkia, kantak eta dantzak batzen dituen ikuskizuna, errege katoliko inperialisten ezkontzarekin. «Izan dadila elkartze hau odolen, erreinuen eta borondateen elkartze bat», erran zuen obispoak gaztelania zaharrean -pasarte bakoitza jatorrizko hizkuntzan egin baitzuten, gaztelania zaharrean, okzitanieraz eta euskaraz-. «Hemendik aurrera Espainia bat izanen da!», oihukatu zuten lehendabiziko pasarte honetan. Juduak erbesteratu zituzten Alhambrako itunaren ondorioz. Arantxa Irazustaren ahots ikaragarriak garai hartara eraman gintuen «Haur andaluz bati» kantatuz. Aukeran dantza taldekoen mugimenduek sorgindu egiten zuten.
Hotz egiten zuen aldapa horretan jarrita, baina publikoa ere kantuz eta txaloz, giroa berotzen joan zen. Magali Zubillagak eta Amaiur Gaztelu taldeak Xabier Leteren «Nafarroa, arragoa» abestu zuten.
Alargundurik, Fernando Katolikoa Foixko Germaine frantsesarekin ezkondu zen eta bere izenean inbaditu zuen Nafarroa. Joanes III. Albretekoaren eta Katalina Foixkoaren erregealdian. Joanes Albretekoa bi aldiz bederen saiatu zen bere erresuma birkonkistatzen, baina alferrik. Semeak ere, Enrike II.ak ahalegina egin zuen, baina gaztelarrek Aparroz kapitaina garaitu zuten Noaingo borroka odoltsuan. 1522an Amaiurko gazteluaren setioa gertatu zen, eta oroitzeko, ezuste magiko bat izan zen emanaldian.
Ezustekoa oroitarrian
Bai artistek, bai ikusleek, sarri begiratzen genuen gorago, gaztelua egondako lekura, Nafarroako bandera jarrita zuen oroitarrira. Ekidin ezineko zerbait zen, une batzuetan, ikuskizuneko musikak, dantzak eta antzerkiak lagunduta, begiak agertokitik aldendu eta begirada zabaltzea: zelaia betetzen zuten inguruko 1.700 lagunengana, Otxondora eta gainerako mendietara eta, nola ez, galtzaileen egia betiko gordeko duen gaztelura. Bada, bat-batean, hara begiratu eta sutan zegoela ohartu ginen!
Gerra galduta, Arzallusek kantatu bezala, 500 urteko abendua etorri zen. Baina hala jarraitzen zuen bertsoak: «Naturak negua ere beharrezkoa omen du/ loaldi hori hartzen du eta gero esnatuz zuzendu/ ta beharbada kontzientziak holaxe funtzionatzen du». Eta 500 urte geroago, Nafarroa bizirik dago, boluntario ugarirekin egindako ikuskizun honek eta elkartutako lagunek erakutsi bezala. Parte-hartzaile guztiak banan-banan agertokira igo eta elkarrekin «Nafarroa aiten lur ederra» kantatuz eman zioten amaiera ekitaldiari. Baina, aldendu eta etxera bueltan gindoazela, jendea oraindik kantuz aditzen genuen... hau ez delako bukatu.