Belaunaldiz belaunaldi, aberri askearen alde libreki jaikiz
Aurtengo Baztandarren Biltzarrean ere Amaiurko herria omendu eta, Nafarroa bezala, bizirik dagoela aldarrikatu dute. Horrez gain, «inoiz baino ozenago» erran diete murrizketei ezetz. Heldu den urtean ospakizun berezia eginen dutela iragarri dute, 50 urte beteko baititu.
GARA | ELIZONDO
Asteburu berezia izan da hau Baztanen, duela 500 urte Nafarroa independentea defendatzen bizia galdu zuten gudariak omentzeko Amaiurko ikuskizuna eta aurten 49. urtez egin den Baztandarren Biltzarra elkartu baitira. Bailarara hurbildu direnek kultur eskaintza zabala izan dute, beraz, gozagarri.
Elizondoko bestari dagokionez, «aberri askearen alde libreki jaiki» zen jendea, urtez urte biltzar honetan egin bezala. «Zainetatik bihotzeraino odolak bor-bor handiarekin egiten duen bidearen gisara, Baztanen eskuara eta aberriaren nortasuna jaikitzeko gogoa eta ilusioa iraganetik oraino belaunaldietan helarazi da», zioen atzo irakurri zuten agiriak. Apaindutako orgak izan ohi dira bestaren bereizgarria. Baztango herri bakoitzak berea eramaten du, eta hala, denen artean, inguruaren erradiografia moduko bat erakusten dute. Atzo 21 orgak parte hartu zuten desfilean eta Elbeteko «Ezkile ebastea» izenekoa izan zen jendearen gustukoena.
Elbeteko ezkila ebastea
1889an Elbeteko Askoa jauregiko nagusia, Don Simon de Asco y Erret Maria Antoniette Lussarry Baigorriko neska gaztearekin ezkondu zen 40 urte zituela. Egun handia izan omen zen Elbeten eta Baztanen, inguruko jauntxo gehienak etorri baitziren Santa Cruz elizan ospatu zen ezkontzara, denak dotore, orkestra eta guzti. Baina elizara hurbildu zirenean, ezusteko handia gertatu zitzaien: lapurrak elizako ezkila ebasten ari ziren! Jadanik ezkila dorretik jaisten ari ziren eta justu-justu ez zuten eraman.
Oraindik ez dute argitu Askoa jauregiko jauntxoaren kontrako konplota izan ote zen eta nor egon zen gibelean.
Bigarren orgarik gogokoena Elizondoko Aise taldearena izan zen, «Coche Sanchez kotxera». Trena baino antzinagoko garraiobidea da, XIX. mendeko kotxera. «Coche Sanchez» deitua -edo «quebrantahuesos»-, diligentzia honek Doneztebetik barna Irunerako ibilbidea egiten zuen, baita Iruñerakoa ere. «Señorito eta señoritek», medikuek, maisu-maistrek, apaizek, albaitariek eta halako jende nabarmenek baliatzen zuten orduko garraiobide erregular bakarra zen.
Hirugarren saria «Iruritako okinek» orgarentzat izan zen. 1860koa da Muru-Urtasun okindegia. Irina La Baztandarra fabrikatik hartuta hasten zen langileen eguna. Ura eta orantza gehitu, oratu eta labean egosten zuten. Baserritarrek eramaten zuten egurra, etxogiaren truke. Herritarrek arrautza, oiloak eta etxean zutena trukatzen zuten.