GARA > Idatzia > Kultura

JOERAK

Entzun itsasoaren deia!

Jonebati ZABALA | BILBO
 
Itsasoko ura kantitate txikietan edatea ona omen da; elikagai eta mineral asko dituela diote batzuek. Hala balitz ere, ez dirudi jendearen gustukoa izan daitekeenik. Izan ere, badago itsasoan gozoagoa den bestelakorik. Uda iristean, itsasoaren deia sentituz edo, irrikatzen egoten gara uretatik harako produktu freskoak probatzeko.

Arraina gustuko ez duen jendea ere badago, baina nork esango lioke ezetz itsaskiz betetako plater bati?

Itsaskiak arrain zuriak dituen onura berberak ditu; izan ere, biek dituzte proteina eta elikagai berdinak. Hala ere, itsaskiek azido uriko eta gatz gehiago dute, eta hein horretan, ez da oso elikagai gomendagarria hipertentsioa duten horientzako.

A bitamina eta omega 3 gantz azidoa ere badute; eta hain zuzen, azken horrek arlo askotan laguntzen dio gure osasunari: immunitate sistemaren funtzionamendua behar bezalakoa izan dadin laguntzen du, neurona eta transmisio kimikoen funtzionamenduan eta erretinaren osaketan parte hartzen du, besteak beste.

Haurdunaldian ere beharrezkoa da koipe mota hori duten janariak barneratzea, haurraren garuna egoki gara dadin.

Gainera, zinka, selenioa eta burdina ere baditu itsasoko jaki honek. Hori dela-eta, gaixotasun kardiobaskularren prebentziorako elikagai onenetarikoa izateaz gain, prostatako eta esofagoko minbizitik babesteko ere ezin hobea da.

Ostrak, olagarroa, ganbak, karrakelak, otarrainxkak, txangurroa, lanpernak, nekora, buia... Bizirik dagoen itsaski gehiena Eskoziatik, Irlandatik, Bretainiako kostatik eta Galiziatik ekartzen dute Euskal Herriko itsaskitegietara. Ganbak, esaterako, Huelvatik datoz, eta ostrak, berriz, Holandatik.

Tradizioa itsaskia Gabonetan jatea den arren, udan ere harrera ona egiten diogu jaki honi. Abuztuan, batez ere, herrietako jaiak direla aprobetxatuz, etxeko mahaia itsasoko produktuez betetzen dugu.

Itsaski-jan itxurosoaren bila

Etxean itsaski-jana prestatzeko pertsonako 15-20 euro inguru jarri beharko genituzkeela dio Usurbileko Mariscos Bruñoko arduraduna den Alvarok. Hala ere, itsaski mota batetik bestera prezioa aldatu egiten da; garestiena, otarraina.

Iruñeko Ezkirotz itsaskitegiak bi pertsonarentzako «Txapela» izeneko menu erakargarria eskaintzen du 32 euroren truke: txangurro bat, nekora bi, 4 otarrainxka, 8-10 ganba, karrakelak eta botila bat ardo zuri.

Udan gehien saltzen duten produktua Kantauri itsasoko abakandoa da. Jendeak hainbat errezeta egiteko erabiltzen omen du udan itsaski mota hori: arroza abakandoarekin eta abakando entsalada, esaterako. Esan beharra dago, gainera, Gabonetan 60 euroan saltzen den artean, udan ia erdi prezioan eros daitekeela abakando kiloa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo