Txartelak
Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
Ia oharkabean, Liejan hasi zen 2012ko Tourrak maitasunaren hiriburuan, hau da Parisen, izango du beste behin bukaera. Tour hau «Bradley Wigginsek eta bere talde Sky-k goitik behera dominatutako Tourra» bezala gogoratuko dugu. Londresen Joko Olinpikoak hasteko egun gutxi geratzen direnean, orain arte txirrindularitza tradizio handirik ez zuen herrialdeko talde eta txirrindulariek, Froome, Wiggins eta Cavendishek, Britainia Handia txirrindularitzaren goren-gorenean jarri dute.
Skyz aparte, txapela kentzekoa, Peter Saganen ibilia. 22 urte bete berri dituela, hiru etapa eta maillot berdea eskuratu ditu Eslovakiako harri bitxiak. Mendiko maillota, Frantziako «aktore» onenak eramango du, Thomas Voecklerrek. Eta taldeka, gurea, RadioShack Nissan Trek, izango da garaile. Euskaldunen artean, Euskaltel Euskadiko mutilek egindakoa, txalotzekoa beste behin; eta sailkapen nagusian, lehen euskalduna Haimar izan da.
Baina aurrez aipatutako hauei buruz luze eta zabal idatzi eta jardungo dutenez besteek ere, gaur aurrenekoz Champs Elisees harrapatuko duten Tourreko debutariei buruz mintzatuko naiz. Jakingo duzue, kondaira urbano bat dela Frantziako Tourra bukatu eta Parisko helmuga harrapatu arte txirrindulari batek «ziklista» txartela ateratzen ez duela dioen hori. Nik iaz bukatu arren, ez nuen inon txartelen postua ikusi, eta beste hainbat alditan bukatu dutenek ere ez omen dute sekula txartel hori jaso.
Batek baino gehiagok, Parisera txirrindulari bezala sartzean sentitzen dena sentitzeko, ordaindu ere egingo luke, baina bizitzan gauza gehienak ezin dira diruz ala kreditu txartelez erosi.
Hori ongi daki etapa aurretik prentsa aurrean apirilean bihotzeko arazo batzuk zirela-eta bizikleta uztear egon zen Haimar Zubeldiak. Bizikletan ibili eta kirolik egin gabe egon zen 30 egun eta gau horiek ikaragarri gogorrak eta luzeak egin zitzaizkien Haimarri berari, haren emazte eta familiari. Orduan, Xubek ere, gurdikada bat euro ordainduko luke bere bihotza bere onera etortzeko, eta minbizia izan nuen garaian kendu zidaten horietako bi handi bota, eta medikuek guztiz ongi zegoela baieztatu ziotenetik hiru hilabete pasatu direnean, Tour honetan 6. postuan sailkatzeko gai izan da.
Diruak, eta gehiago egun bizi dugun egoeran, zoriontasunaren bidean ikaragarri lagun dezake, baina gauza hoberenak eta gehien desiratzen ditugunak ezin ditu erosi ez Visak, ez American Expressek ez beste inongo txartelek. Maitasunak, laguntasunak, familiak, askatasunak, osasunak eta bizitzako altxor preziatuenek ez daukate preziorik eta bizitzan izandako eragozpen eta arazoek, askotan, eguneroko gauza txikiei benetako balioa ematen laguntzen digute.
Horretxegatik, 21 bat egun hauetan lagun izan ditugun irakurle fidel horiei, munduko aberastasunik handiena opa diet. Osasunez, maitasunez, laguntasunez eta askatasunez gainezka egon daitezela, eta eskatzea libre denez, xox batzuk ere bai, udan oportxo batzuez gozatzeko!!
Besterik gabe, eskerrik beroenak zuei guztioi eta GARAri. Beste behin inongo muga eta trabarik gabe, gure pentsamolde eta iritzia irakurleei helarazten uzteagatik. Xoxekin ala xoxik gabe, goza ezazue udaz, izan ongi eta Vueltara arte!