Baionako Masterra
Sorhuetek eta Etxetok bigarren zatian erabaki zuten
Lau pilotariek oso norgehiagoka ona egin zuten, baina Thierry Etxeto izan zen denetan gehien nabarmendu zena, berak erabaki baitzuen finalerdia.
IBARROLA-HARIZMENDI 27
SORHUET-ETXETO 40
Jon LEUNDA
Sorhuetek eta Etxetok lortu zuten Baionako Masterreko finala jokatzeko txartela, Ibarrola eta Harizmendi mendean hartu ostean. Neurketa ederra izan zen, lau pilotariek eman baitzuten itxura ona.
Norgehiagokak bi zati izan zituen, biak ezberdinak, gainera. Lehenengoa oso orekatua izan zen, eta galtzaileak indartsuago ikusten ziren. 9-3ko aldea ere izan zuten alde, baina Sorhuetek eta Etxetok ez zuten etsitzen eta une oro parean jarraitzen zuten, behin baino gehiagotan kanporaketa berdinduz. Hogeigarren kintzetik aurrera, ordea, dena aldatu zen.
Beroa izan zen partidako protagonista, eta pilotariak horren ordaina igartzen hasi ziren, batez ere Thierry Harizmendi. Bere nekea gero eta nabarmenagoa zen, eta orduan Etxetok ederki baliatu zuen aukera atzean nagusi izateko, Sorhueti aurrean pilota ederrak uzteko, eta aldi berean finalerako txartela eskuratu ahal izateko.
Finala
Finala bihar jokatuko da 11.00etatik aurrera. Sorhuet eta Etxeto Waltariren eta Ducassouren aurka lehiatuko dira. Azken hauek dira faboritoak. Kubakoak finalerdian bezalako maila ematen baldin badu, oso zaila izango da bera mendean hartzea, amerikarrak saketik egiten baitu sekulako triskantza.
Beroa
Beroa izan zen bigarren finalerdiko protagonista nagusia, eta pilotariek ederki nabaritu zuten horren eragina, batez ere Harizmendik, oso nekatuta amaitu baitzuen norgehiagoka.
Lehen finalerdia ikusi ostean, Waltari eta Ducassou aterako dira bihar 11.00etatik aurrera jokatuko den finala irabazteko faborito, Kubakoaren sakea beldurgarria baita.