Udate | Algortako jaiak
Algortako jaietan, gazteen txanda
Atzo eman zieten hasiera Algortako jaiei, iazko kuadrillen arteko txapelketako irabazle Besterik Gaberen pregoiarekin eta Getxo Futbol taldeak botatako txupinazoarekin. Gaur, urtero bezalaxe, gazteek euren eguna ospatuko dute, bazkari eta ekintza anitz eta dibertigarriekin.
Mikel PASTOR | ALGORTA
Atzoko txupinazoaren eta parrandaren ondoren, goizean goiz hasiko da gaur Algortan urtero ospatzen den Gazte Eguna. Gosari herrikoia abiapuntu goxoa izango da; txosnetan izango da hori hamarretan.
Asier Barruetabeña Jai Batzordeko kideak azaldu bezala, «tradizio bilakatu da gosaria, eta urtetik urtera jende gehiago gerturatzen da, sabela betetzera eta eguna barre artean, giro sanoan eta indarrez hastera».
Eguerdi partean beste ekitaldi klasiko bat ospatuko da: goitibeheren jaitsiera. UK tabernatik, Mariandresena kaletik, irtengo dira, eta Telletxetik jaitsiz, txosnagunean izango dute helmuga. Parte hartu ahal izateko, kaskoa eta frenoa izatea derrigorrezkoa da. Adingabekoek gurasoen baimena eraman beharko dute parte hartzeko.
Gazteek bazkaria egingo dute ondoren txosnagunean bertan. Ehunka gazte hurbiltzea espero da, aurreko urteetan bezala. Horretarako, funtsezkoa izango da eguraldiak «bere baimena». ematea. Tenperatura jaitsiko dela diote iragarpenek eta euri tantaren bat ere eror liteke.
Poteoaren kide berriak
Tradizioari eutsiz, jinkana egingo da bazkariko parte hartzaileen artean, txosnagunean. Barre franko egiteko parada izugarria izaten da, ura eta irinaren ezinbesteko laguntzaz.
«Elektropoteoa» arratsaldeko zazpietan hasiko da, eta izenak adierazten duen bezala, elektrotxarangak lagunduta egingo dute gazteek ibilbidea Algortako tabernetan zehar. Gainera, aurtengo edizioa berezia izango da, poteora kide gehiago batuko baitira. Ostiral guztietan egiten den presoen aldeko agerraldia larunbatera pasatu dute, eta poteoarekin bat egingo dute parte hartzaileek. Ondoren, ekitaldia eta kontzentrazioa egingo dute.
Gauean, gorputza eta burua ondo berotuta, musikarako momentua helduko da, bi gunetan. Batetik, Telletxen, txosnetatik gertu, Kuenta Atras, Fiachras eta Matxura arituko dira.
Bestelako giroa nahi izanez gero, aldapan gora eginez, Kasinon, bestelako musika izango da, Josu Doncel eta Hush taldeen eskutik. Egun handia, beraz, Algortatik eta inguruko herrietatik gerturatzen diren gazte guztientzat.
Aurtengo Elektropoteoan gazteekin bat egingo dute kide berriek. Ostiralero egiten den presoen aldeko agerraldia egun bat atzeratuko da; ekitaldia eta elkarretaratzea poteoaren ondoren egingo dituzte.