GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseiluak euskarari toki egokia emateko eskatu die EAEko alderdiei

GARA |

Oraindik hauteskundeetako data zehaztu gabe dagoen arren, Kontseiluak jakin du alderdi politikoak Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-kanpainari begira euren programak prestatzen ari direla eta, hori dela-eta, hurrengo urteei begira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza politika iraultzeko proposamena egin eta «euskarak behar duen lekua» izan dezan eskatu zien atzo indar politiko horiei.

«Egunotan ohartzen ari gara hauteskunde-kanpainan beste esparru batzuek hartuko dutela lehentasuna, eta horrexegatik euskarak dagokion lekua izan dezan galdegin diegu Kontseilutik», adierazi zuen erakundeko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Oraingoan aurrea hartuz

Ohituraz, Kontseiluak hauteskunde-programak aztertu izan ditu, eta ondoren, alderdiek aurkeztutako programen balorazioa egin izan du. «Oraingo honetan aurrea hartu eta programa prestatzen ari diren unean egin nahi izan diegu proposamena alderdiei, eta, beraz, badute aukera herritarrei hauteskunde-kanpainan aurkeztuko dieten programa egokiagoa prestatzeko», gaineratu zuen Bilbaok.

Horren harira, aurrerapausoak eman diren arren, euskararen normalizaziotik «urrun» gaudela adierazi zuen Paul Bilbaok, eta ondorioz normalizazio-prozesua bizkortu beharra dagoela adierazi zuen. «Horretarako gutxieneko puntuak zein diren definituak ditu Kontseiluak: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea eta gure hizkuntzak beharko lukeen estatus egokia: berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa», azaldu zuen Bilbaok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo