sega | Bizkaiko finala
Intxaurbe izango da faborito Otxandioko saioan
Berarekin batera, Atxa, Maguregi eta Gondra lehiatuko dira. Bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen kirolariak lortuko du gaurko txapela.
Jon LEUNDA
Gondra, Atxa, Maguregi eta Intxaurbe lehiatuko dira gaur Otxandion, 18.00etan, Bizkaiko txapela lortzeko asmoz. Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen segalariak eskuratuko du txapela.
Bi beterano eta bi gazte izango dira aurrez aurre. Lauetako inork ez zuen lortu Euskal Herriko finalean sartzea. Garbi dago, Lapazaranek eta Goioagak sega utzi zutenetik, maila asko jaitsi dela Bizkaian, baina apurka-apurka ospea berreskuratu nahirik dabiltza.
Txapelketarik gehien jokatu dituenetakoa izan liteke Gondra. Adinean aurrera joan arren, beti gogoz eta sasoiko agertzen da, eta gaur ere horrelaxe agertuko da. Berak badaki garaipena lortzea oso zaila izango duela, baina ahalik eta lanik txukunena egin nahiko du.
Maguregi izango da beste beteranoetako bat. Nazioarteko erako Euskal Herriko Ligan ere aritu da, eta gazteak estutzeko eta ezustekoren bat emateko asmoz joango da gaur arratsaldean Otxandiora. Eskarmentuak garrantzi handia izaten du horrelako finaletan, eta Maguregi ez dago bazterrean uzterik.
Atxarengan jarria dute hainbatek itxaropena. Txapela lortzeko asmoz plazaratuko da. Azken egun hauetan gogor saiatu da, eta ari diren gazteekin Bizkaiko segalaritzak etorkizunik baduela erakutsi nahi du.
Askoren ustez, Intxaurbe da gaurko garaipena eskuratzeko faborito nagusia. Ongi ari da azkenaldian, eta zaleek beragan dute itxaropenik gehien, baina horrek bakarrik ez du balio. Euskal Herrikoa irabazteko faborito nagusia Lizaso zen, eta hirugarren amaitu zuen; beraz, jendearen gustukoena izateak ez dio garaipenik emango.
Ofizialki, behintzat, aurten lehen aldiz arituko dira lau segalari hauek ordubeteko lana egiten. Euskal Herrikoan aritu zirenak finalerdia bakarrik jokatu zuten, finalerako ez baitzen inor sailkatu, eta orduan ordu erdia bakarrik izan zuten lanean aritzeko. Gauzak, beraz, asko aldatuko zaizkie, ez baitauka zerikusirik lan batek bestearekin, azkeneko ordu erdia luzea izaten baita denenetzat.
Euria
Herenegun eta atzo euria egin zuenez, pentsatzekoa da belarrak ere pisua hartuko duela. Hori, dudarik gabe, oso berri ona izango da segalarientzat, baina eguraldi hau belarra nahasteko ere nahiko aproposa izaten da, eta hori, berriz, nahiko kaltegarria izaten da parte hartzen dutenentzat.
Gauzak horrela, oso garrantzitsua izango da belarra txukun ebaki eta behetik moztea, azken batean, hor izaten baita kilorik gehien. Belarra goi samarretik mozten duenak ez du irabazteko aukera handirik izango. Sailetan aurretik joatea baino garrantzitsuagoa izango da bakoitzak bere saila oso txukun uztea, orain dela bi asteko Euskal Herriko finalean hori argi eta garbi ikusi ahal izan zen bezalaxe. Honekin, aurtengo txapelketa ofizialak amaituko dira segalaritzan, nahiz eta urrira bitarte balitekeen saioren bat edo beste ere jokatzea.
19.00etan hasiko da Elizondon emakumezkoen Euskal Herriko Txinga Txapelketa. Xanta Sousa, Almandoz eta Elizagoien izango dira parte hartuko duten lau neskak. Bakoitzak 25 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean eta ahalik eta metrorik gehien egitea izango da helburua. Xanta Sousa izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Bera da egungo txapelduna, eta zaila izango da bera menderatzea.
Jaialdi berean, Nafarroako lokotx-biltze txapelketa ere jokatuko da. Telletxea, Irazoki, Etxegarai, Goldarazena eta Urtasun neurtuko dira. Lehia handia espero da final honetan, baina adituek diotenez, Fernando Etxegarai izango omen da txapela lortzeko faboritoa. J.L.