GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora

Etorkizuneko aizkolariak ikusteko aukera paregabea izango da Elizondon

J.L.

Aizkolari gazteak eta etorkizun handikoak izango dira gaur Elizondon jokatuko den Nafarroako Hirugarren Mailako finalean, lokotxen eta txingen txapelketa izango diren jaialdi berean (19.00).

Eneko Saralegi, Aritz Goñi, Anjel Eraso, Martin Telletxea eta Joxean Etxeberria izango dira lehian arituko diren bost aizkolariak. Bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta sailkapeneko lehenengo biek lortuko dute datorren urtean Bigarren Mailara igotzea.

Lana oso laburra denez, gauzak ongi egin behar dira. Edozein deskuiduk, edo adar batek, dena izorratu dezake, eta garrantzitsua izaten da lasaitasuna, presak ez baitu gauza onik ekartzen. Saralegi gaztea eta Goñi izango dira bai txapela lortzeko faboritoak, baita datorren urtean maila bat gorago aritzeko txartela lortzeko faboritoak ere. Dena dela, aldeak ez dira oso handiak izango, eta denek izango dute beren aukera.

Gazteekin jarraituz, baina kirolez aldatuta, aizkoratik harri-jasotzera pasatuta, Urdax Magunazelaiak beste marka saiakera bat egingo du, eta oraingoan Irunen egingo du, Behobiako auzoko plazan. Asteartean izango da ekinaldia, hamabi eta erdietan hasita. 15 urte betetzear da bizkaitarra, eta 14 urterekin egin ditzakeen markak egiten ari da orain. 190 kiloko harri errektangularra izango du oraingoan lanerako. Bost minutuko txanda izango du ahalegina egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo