Sokatira
Goiherri taldeak 580 kiloko lehiaketa erabakita utzi beharko luke
J.L.
Aurtengo Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, 580 kilokoa jokatzeko geratzen diren biak. Orain artekoa ikusita, Goiherri taldeak gaur bertan utzi beharko luke dena erabakita.
Joan den astean jokatu zen lehen jardunaldian, Erandiokoek erabateko nagusitasuna agertu zuten, orain arte jokatu diren gainerako pisuetan agertu zuten bezalaxe. Beraz, ez dirudi ezuste handirik egongo denik, berdeek, gainerakoei alde nabarmena kentzen baitiete pisu guztietan.
Erandiokoekin batera, Goiherri B, Gaztedi, Gaztedi mistoa eta Getxo lehiatuko dira. Badirudi emozioa bigarren posturako egongo dela eta lehia horretarako Gaztedi eta Goiherri B agertzen direla parekoenak. Lehen jardunaldian Laukizko taldeak aurrea hartu zion Erandioko bigarren taldeari, eta gaur ikusi beharko da zer gertatzen den. Ekinaldia Laukizen jokatuko da 17.30ean hasita.
Gaurkoa eta gero, taldeek ez dute izango atseden hartzeko tarte handirik, asteartean bertan jokatuko baita azkeneko ekinaldia, eta horrekin amaituko da aurtengo denboraldia. Gero, Europako Txapelketa prestatu beharko dute.