Udate | XIX. esoterismoaren aretoa
Bisitari gehienen arazoa ez da dirua, emozioak baizik
Monje lamekin maitasuna eta bakea erakartzeko mantrak kantatuz, hamar eguneko esoterismo eta terapia naturalen aretoari hasiera eman zioten atzo Donostiako Miramar jauregian. Han izan zen, bertzeak bertze, Mario Saban pentsamendu juduaren irakaslea, Madonnak modan jarri duen Kabalaren bere ikuspuntua azaltzen.
Maider IANTZI
Pixkanaka-pixkanaka jende mordoxka hurbildu zen Miramar jauregiko atarira. «Zuek eskatu, eskatu gauza handiak, hau erritu bat da-eta», animatzen zituen Norma Andrea zeremoniaren gidariak. Batzuek beren desioak paper batean idatzi zituzten eta Andreak koloretako kandelak piztu zituen amets horiek betetzeko. Lore sorta bat ere pasatu zien gorputzetik «garbitu» nahi zutenei. Krishna Kripa Dasa apaiz hinduak eta Tibeteko monjeek mantrak kantatu zituzten gero. «Ooooom» soinu sakratua egiten zuen apaizak, eta jendeak «shanti» (bakea) erranez jarraitzen zion. Zelaian, eguzkitan jarrita zeuden ikusleak, batzuk erabat kontzentratuta, hankak gurutzatu, besoak erlaxatu eta begiak itxita. Intsentsu usaina aditzen zen, eta doinu lasaigarriak.
Mahaian dugun lekua
Irakasleak galdera bat egin zigun Kabala zer den ulertzeko: Beti leku berean jartzen zara etxean jateko? Jakina! Bada, hori hagitz txarra da!, ohartarazi zigun. Hala beti ikuspegi bera izaten da. «Zer malgutasun izanen duzu orokorrean ezin baduzu jartzen zaren lekua aldatu? Zure etxeko mahaiko edozein lekutan eroso sentitzen zarenean lortzen duzu malgutasuna». Probatuko dugu... Kabalak entrenamendu hori proposatzen du, ahalik eta gehien aldatzea lekuz.