Udate
Mendi Film Festivali Bilbora alde egiten utzi diola leporatu dio Gasteizko Bilduk De Andresi
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Arabako Aldundiak Mendi Film Festival-i aurtengo diru laguntza eman ez izana gaitzetsi zuen atzo Gasteizko Bilduk. Hori dela eta, 2008an jaio zen zinemaldiak Bilbora lekualdatu behar izan du. Bilduk Aldundiaren «arduragabekeria» salatu zuen, jendearen onespen zabala eta datuek sobera egiaztatzen duten arrakasta zuen ekitaldi bati alde egiten uzteagatik. Izan ere, bere lehenengo urtean, zinemaldiak 3.000 ikusle inguru bildu zituen, eta iaz, berriz, 6.000. Halaber, Lorena Lopez de Lacalle Bilduko biltzarkideak nabarmendu zuen, zinemaldiaz gain, horren inguruan antolatzen ziren jarduerak ere -argazki erakusketak eta kale antzerkiak, besteak beste- deuseztatu izana. Hala, «Arabako eskualdeari baino, Espainiara begirago» egotea leporatu zioten ahaldun nagusi Javier de Andresi.
Zehazki, bere hasierako urteetan 25.000 euroko diru laguntza jasotzen zuen Mendi Film Festivalek. Iaz, ordea, 5.000 eurora murriztu zuen hori Aldundiak, eta aurten azkenik uko egin dio laguntza emateari. Lopez de Lacalleren hitzetan, «ez gara diruaz ari, baizik eta ekintzak aurrera eramateko borondate ezaz». Izan ere, De Andresen taldeak krisia argudiotzat erabili badu ere, Bilduren aburuz, nazioarteko proiekzioa zuen ekintzari eusteko orduan, diru falta baino borondate politikoa izan da hutsunea.
Orobat, Lacallek gogorarazi zuen zinemaldiaren Menditour izeneko sailak herri ezberdinetara eramaten zuela zinemaldia: «Diru gutxirekin asko sortu zuen Mendi Filmek eta urte osorako, gainera». Bilduren aburuz, krisiaren aitzakiari berebiziko probetxua ateratzen ari zaio De Andres, prozesu parte hartzaile eta herritarrak desagerrarazteko.