GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Guda guztien amak» luze joko du Sirian

Egiazko gerra odoltsu batean, propaganda gerra puska bat ere badago Sirian. Gaitza da asmatzea non dagoen egia, baita egiaren erdia ere. Alepotik heldu diren berrien arabera, «guda guztien ama» prestatzen ari da bertan, bi milioi biztanle dituen hiri batean, gune urbano populatuetako gudetan legez, hildako ugari utziko dituena. Oposizioaren talde armatuek eta Siriako Armadak, biek ala biek, milaka gudulari pilatu dituzte borrokarako. Erabakiorra izango da? Zerbaiten bukaera edo hasieraren mugarria? Gaitza da ere esatea. Propaganda ala ez, egia da azken egunotan Baxar al Assad-entzat partida bukatu dela dioten ahotsak ugaritu direla. Besteak beste, NBEko misioburu norvegiarrarena. Hori guzti hori, baina, ikuskizun dago.

Assaden balizko erorketak ala exilio negoziatu alegiazko batek, ordea, ez du Sirian gertatzen ari den botere borrokaren amaiera ekarriko, ezta ezegonkortasun kronikoarena ere. Mendebaldeak eta Golkoko monarkia despotak sinplifikatu egiten dute dena -«arazo bakarra Assad da»-, baina hipotesi hori panazea lez saltzea sinplismoan erortzea da. Botere hutsuneak fakzio eta eskualdeko interes ezberdinen arteko borrokak loratuko baititu. Bosnian aplikatu ziren Dayton-eko akordioen ala Libanoko sistemaren parekoa izan liteke ustezko soluzio hipotetikoa. Etorkizuna ilun-iluna da, ordea. Ziurra den bakarra siriarrentzat krisi odoltsu hau ez dela berehala bukatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo