Zortzi urteren buruan Arafat pozoitu zuten hipotesia indartu da
Jasser Arafat Aginte Palestinarreko buruaren heriotzaren inguruko auzia biziberritu da azken asteetan. Heriotza zerk eragin zuen eta hilketa izan zelako susmoak argitzeko bidean egon daitezke, hil zenetik zortzi urte igaro direnean.
Garazi MUGERTZA
Aginte Palestinarreko buru zena, Jasser Arafat, pozoi ezezagun baten ondorioz hil zela adierazi du heriotzaren inguruko ikerketa egiten ari den mediku palestinar talde batek. Aurrez, Al-Jazeera kateak argitaratutako erreportaje batek Lausanako Erradiofisika Institutuak (Suitza) egindako ikerketa baten berri eman zuen, Arafaten arropetan gai erradioaktibo baten -polonio 210- kantitate handiak aurkitu zituztela dioena.
Al-Jazeera kateak aurkeztutako erreportajea bederatzi hilabetean burututako ikerketa baten ondorio da. Jasser Arafaten alargunak, Suha Arafatek, Al-Jazeerari Arafatek Parisko ospitalera eraman zutenean zeramatzan zenbait ondasun pertsonal eman zizkion. Kateak ondasun horiek -tartean, palestinar zapia (kufiya), barruko arropa eta hortzetako eskuila- Suitzako ikerketa institutura eraman zituen bertako adituek heriotzaren nondik norakoak argitu zitzaten.
Abdula al-Bashir, ikerketa taldeko bozeramaileak, Zisjordanian eskainitako prentsaurrekoan, osasun-txostenaren arabera sendagileak Arafaten heriotza eragin zuen gaixotasuna diagnostikatzeko gai ez zirela izan adierazi zuen. Frogek, ordea, gai toxiko batekin pozoitu zutela iradokitzen dute, heriotzaren unean aztertu gabe geratu zena.
Txosten horren inguruan, Al-Bashirrek Lausanako institutuaren ondorioak ez direla eztabaidaezinak adierazi zuen, gai hori erabiliz izaniko pozoitze kasuak oso urriak direlako. Gainera, osasun-txostenean deskribatutako sintomek ez dute polonio 210 sustantziak sortu ohi dituenekin bat egiten, eta ustez sustantzia honen pozoiaz eraila izan zen kasu urri horietako baten -Alexander Litvinenko Errusiako espioi ohia- sintomak kontuan hartuta ere, ez dute Arafatek zituenekin bat egiten, besteak beste, lehenak ez bezala ilerik galdu ez zuelako.
2004an hil zenean medikuek ez zuten bere heriotzaren zergatia aurkitu eta minbizi, zirrosi, bihotzeko edo hiesaren ondorioz hil zelako zurrumurrua zabaldu zen. Suitzako adituen analisiek, ordea, Arafat aipatutako gaixotasunen ondorioz hil zela baztertu zuten.
Dena dela, ikerketa osatu eta benetan pozoitua izan zen edo ez argitzeko, Jasser Arafaten gorpua hilobitik ateratzea beharrezko izango da, batez ere 2004an egin ez zioten autopsia egin ahal izateko. Haren alargunak eta Aginte Palestinarreko buru Mahmud Abbas-ek gorpua lurpetik ateratzeko eskaria egin dute, azken honek baita Palestinako ikerketa taldea atzerritar adituez hornitzeko ere. Dirudienez, ordea, hainbat herrialde, tartean AEBak eta Estatu frantsesa Aginte Palestinarrari presio egiten ari zaizkio heriotza ikertzeari utzi eta gorpua ez deshobiratzeko. Aitzakia, -adierazgarria bere horretan- Israelekin bakerako elkarrizketa berrabiaraztea zailduko lukeela.
Aitorpen bideoa
Uztailaren 7an Al Mayadeen telebista kate panarabiarrak Arafat pozoitu izana onartu zuen preso palestinar baten testigantzaren bideo bat argitaratu zuen. Bertan, palestinar batek, bere hitzetan Israelgo Inteligentzia Zerbitzuen agindupean Arafat Mukatan -Israelek Arafat preso izan zuen konplexu presidentziala- pozoitu zuela onartzen zuen.
Presoak 2002an errekrutatu zutela adierazten du bideoan eta beste «kolaboratzaile» batekin batera Jerusalemera eraman zutela lan egitera. Bertan uniforme militarra eman eta bi hilabetetako entrenamenduari ekin zion, Mukatari buruzko bideo bat erakutsi zioten arte. Kolaboratzaile taldeak Arafat pozoitzeko agindua jaso zuela agertzen du palestinarrak, burutu ezean hil egingo zituztela ziurtatuz, pozoia ematen zieten bitartean.
Preso palestinarrak Mukatara bertako zaindari baten laguntzaz sartu zirela ziurtatzen du bideoan eta sukaldari baten kolaboraziarekin Arafaten janariari pozoia gehitu ziotela.
Ustezko testigantza bideoaren harira, Israelek ez du inolako adierazpenik egin. Bai, ordea, Al-Jazeera katearen ikerketaren inguruan, «barregarriak» eta «guztiz faltsuak» direla esanez.
Misterioz jositako heriotza
Jasser Arafat 2004ko azaroaren 11n, ospitaleratu, eta egun gutxiren buruan hil zen Parisen, 75 urte zituela. Al-Fata mugimenduaren sortzailea izan zen, ondoren Palestina Askatzeko Erakundearekin (PAE) elkartu zena, gerora alderdi politiko bilakatzeko.
2004ko urrian, bere sendagileen esanetan, ez zuen inolako gaixotasunik. Orduan sabeleko min handia sentitzen hasi zen eta bere osasunak egunak aurrera joan ahala okerrera egin zuen, Parisera eraman, koman sartu eta hil zen arte.
Hilzorian igaro zuen astea ere bere heriotza bezain polemikoa izan zen, Suha Arafatek Palestinako hainbat buruzagik Jasser Arafat «hil aurretik lurperatu» nahi zutela adierazi baitzien hedabideei.
Bere sendagileak, Parisera eraman aurretik, bere kartzela zen egoitzako airea egokitu beharra zegoela ohartarazi zuen, inolako erantzunik jaso gabe.
Zortzi urte igaro ondoren, heriotza eragin zuten benetako arrazoiak ez dira argitu oraindik, artatu zuten sendagile frantsesek ezin izan baitzuten ezer zehatzik ondorioztatu, garai hartan, hainbat hedabidek giltzurrunetako gaitz bat zuela edota minbizia izan zitekeela espekulatu arren.
Hil ostean, besteak beste, hedabideek Arafaten heriotzaren arduraduna Mossada -Israelgo Inteligentzia zerbitzua- izan zitekeela aditzera eman zuten. Baina zurrumurru hutsean geratu zen ideia bera. Etsaiek, aldiz, aipua kentzeko asmoz, bere ustezko homosexualitatearen ondorioz hiesa zuela eta gaitz horren eraginez hil zela zabaldu zuten.
Jasser Arafaten heriotzaren nondik norakoak oraindik ere misterio ilun izaten jarraitzen dute, tunelaren amaiera gertuago dagoela dirudien arren. Dena dela, Jasser Arafat palestinar buruzagi historikoaren gaitzaren jatorriak bazuen izena: Israel. Eta halaxe hil zen, adimen askeko, baina Israelek bahitutako preso politiko palestinarra zelarik.