GARA > Idatzia > Mundua

Indonesiako haurren eskubideak urratu zituztela onartu du Australiak

Australiako Eskubide Zibilen Batzordeak herrialdeak Indonesiako ehunka gazte adingabe adin nagusikoak balira bezala kartzelatu zituela adierazten duen txosten bat argitaratu zuen.

p023_f01-148x92.jpg

GARA | CANBERRA

Australiako Eskubide Zibilen Batzordeak herrialdeak Indonesiako hainbat haurren eskubideak urratu zituela jasotzen duen txosten bat argitaratu zuen. Adingabeak helduak bailiran kartzelatu zituzten.

2008 eta 2011 artean, pertsonen trafikoan jarduten zuten itsasontzietan marinel lanean ibili ziren ehunka gazte adingabe espetxeratu zituzten, gazteek polizia agenteei 18 urte baino gutxiago zituztela jakinarazi zieten arren.

Australiako poliziak eta Ministerio Publikoko fiskalek atxilotuak adingabeak ziren ala ez jakiteko fidagarritasun gutxiko metodo bat erabiltzen zuten. X izpiekin eskumuturrak begiratzen zizkieten.

Orduz geroztik, Australiak honelako kasuen aurrean duen prozedura aldatu du, baina Catherine Branson Eskubide Zibilien Batzordeko lehendakariak Gobernuak barkamena eskatu beharko lukeela adierazi zuen.

X izpien auzia

2011n 15 urteko Indonesiako mutiko baten gaineko auziari esker, Gobernuak aurrera zeraman prozeduran hainbat aldaketa egitea lortu zen, bere abokatuek adingabea zela, eta ondorioz, X izpien proba fidagarria ez zela frogatu ostean.

Auziaren ondoren, Alderdi Berdeak Parlamentuan X izpien erabilera debekatzeko lege proiektu bat aurkeztuko zuela adierazi zuen, fidagarritasunik ez zuela argudiatuz.

Brendan O'Connor, Barne ministroak, ordea, X izpiak erabiltzen jarraituko zutela agertu zuen, baina %100ean fidagarria ez denez, froga osagarriak erabiltzen hasiko zirela esan zuen. , Indonesiako eta Australiako lehendakariak adin nagusitasuna frogatzeko bestelako neurriak bilatzeko asmoz bildu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo