Bikotekide ohiek zein egungoek emakumeen aurka egindako erasoak %4 hazi dira
Indarkeria matxistari dagokion urteko lehen seihileko balantzea aurkeztu zuten atzo Bilbon. Tarte horretan, 2.461 kasu jaso ziren EAEn, gehienak -%70- bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoak. Bestalde, sexu askatasunaren aurkako erasoek %2 egin dute behera.
Jon ADAN |
Aurtengo lehen sei hilabeteko datuek islatzen duten moduan, emakumeek bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik jasandako indarkeria matxista %4 hazi da EAEn. Tarte horretan sexu askatasunaren aurka izandako delituak, ordea, %2 gutxitu dira, aurreko urtearekin alderatuta. Lakuako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zuzendari Mariola Serranok atzo aurkeztu zuen Bilbon indarkeria matxistari dagokion 2012ko lehen seihilekoaren balantzea.
Biolentzia matxistaren biktimentzako laguntza ekonomikoen eskaerek %65 egin dute gora; hori dela eta, Lakuak 150.000 euro gehiago jarriko ditu aurrekontuetan. «Hasiera batean 542.000 euro ematekoa zen», adierazi zuen Serranok. Horiek horrela, uztailaren 30ean, 162 eskaera jaso ziren; iaz, aldiz, 98 izan ziren.
Bestalde, lehen seihilekoan, biolentzia matxistari dagokionez, 2.461 «biktimizazio» gertatu dira, tarte horretan biolentzia matxista gutxienez behin sufritu duten 2.067 emakumeei dagozkionak. Erasotzaile gehienak -%70- bikotekideak edo bikotekide ohiak ziren eta biktimak, 18 eta 40 urte arteko emakumeak.
Bestetik, Serranok adierazi zuen sexu askatasunaren kontrako 101 delitu jaso zituztela, duela urtebete baino %2 gutxiago. Horiek jasandako emakumeen %64,1 30 urtetik beherakoak ziren.
Aste Nagusiko ekimena
San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako dendari elkarteek Bilboko Udalarekin, Bilboko Konpartsekin eta Alde Zaharreko dendariekin bat egin dute, aurtengo Aste Nagusian biolentzia matxista ekiditeko. Hartara, herritarren artean 10.000 txartel banatuko dituzte jaietan larrialdietarako telefonoekin. Horrez gain, Bilboko tabernetan 1.600.000 ahozapi banatuko dira, gaiaren inguruko informazioarekin, eta erasoak gertatuz gero, protokoloak jarraitzeko.
Horren harira, Madalena jaietan, joan den astelehenean, adingabeko gazte batek Lagako hondartzan bortxatu zutela salatu zuen. Eraso hori salatzeko, eta emakumeenganako tratu duinaren alde, kontzentrazioa egin zuten atzo Gernikako Merkurio plazan.
Mariola Serranok, adingabekoak indarkeria matxistaren biktimatzat jotzeko, behar diren lege aldaketak egitearen alde azaldu zen. Halaber, erakundeek biktimen segurtasuna bermatu behar dutela berretsi zuen.