Udate
Aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietako Zeledon eta Neska Txiki aukeratu dituzte
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Gasteizko jaiek badute dagoeneko beren ordezkarien bertsio txikia. Atzo aukeratu zituzten 2012ko Zeledon eta Neska Txiki. Anartz Sereno, Desiguales kuadrillakoa, eta Nerea Balbas, Txolintxokoa, izan dira zorionekoak. Uztailaren 7an, eguerdiko 12.00etan Gasteizko Plaza Berrian egingo dute agerpena bi gaztetxoek aurreskua dantzatuz.
Egitarau euskalduna jaietan
Bestalde, Geu Elkarteak urteko balorazioa eta jaietan euskaraz gozatzeko egitaraua aurkeztu zuen atzo.«Euskaraz bizitzera goaz» izenburupean, beste hainbat ekintzaren artean, txupinazo alternatibora deitu dute abuztuaren 4rako. Hartara, San Migelgo balkoira «Euskalduna naiz eta harro nago» kamisetekin joateko deia egin dute. Halere, Txosnaguneak egin legez, jaiei hasiera egun bat lehenago emango dio Geu Elkarteak abuztuaren 3rako antolatu duen «Topa Euskaraz Bizi» aurkezpenarekin, Aihotz plazan. Kantuari heltzeko aukera izango da hilaren 6an eguerditik aurrera «Gasteiz Kantuz»-en bidez. Bukatzeko, 8an «Euskaraz bizitzera goaz» argazki-kalejira izango da arratsaldeko zortzietatik hasita. Gainera, jaietako egun guztietan, bertsolariak izango dira Aihotz plazan, 6an izan ezik. Egun horretan txosnetan izango da Udalaren murrizketengatik.