GARA > Idatzia > Kultura

Udate | baionako bestak

Jendez gainezka egon ez arren, bestazaleen jai grinak goitik behera blaitu du

Aurtengo bestetan ohi baino jende gutxiago dabilela entzuten da Baionako karriketan. Hala diote tabernari eta merkatariek eta egia izanen da, zinez horiek baitute halakoetan neurgailurik onena.

p062_f04.jpg

p062_f01.jpg

p062_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA

Jean Grenet auzapeza, bederen, ez da horregatik kezkatua izanen, jendetza trumilka ez etortzearren, bestetako egunak abuztuko lehen astetik uztaileko azkenekora aldatu baitzituen, oporraldi hasierarekin bat ez egiteko. Bisitarien etorrera masiboak sortzen dituen kudeaketa arazoak gutxitzea zen neurri horren helburua.

Alta, zenbait ordutan Baiona Handi eta Ttipiko kaleetan, plazetan eta, zer esanik ez, ostatuetan pauso bat emateak badu meriturik. Adibidez, atzo arratsaldean bertan azokaguneko inguruetakoetan kafe bat hartzea ez zen, ez, lan makala.

Baina karrika horietatik kanpo ere bada besta, esaterako, Lauga kiroldegian. Atzo 500 bat adineko elkartu ziren urtero egiten den herri-bazkarian. Jubilatu gehienentzat hori omen da jaiez profitatzeko ekitaldi nagusia, «besteetarako dagoeneko adina pasa baitzaigu» zioten, Iruñeko erretirodun talde bat jotak abestera etorri zain zeuden bitartean.

Hala eta guztiz ere, alaitasun handiz bizi ohi dute egun hori eta «bestan erabat integraturik» sentitzen direla aitortu zuten. Gainera, erretirodunen eguna izaki, Leon erregearen iratzartzeko ekitaldian besten antolaketan aktiboki parte hartu izan duten hainbat adineko omendu zituzten, horien artean, Andre Beotheguy urteetan besta batzordeko buru izandakoa.

Txarangen erakarpena

Kale giroa ziurtatzeko, banda eta txalaparta baino egokiagorik aurkitzea zaila da, eta horiek barra-barra dabiltza atzera eta aurrera Lapurdiko hiriburuan. Ostatu batean sartu edo atarian geratu arte, bertakoek ez diote jaramon handirik egiten. Ohitura kontuak nonbait. Baina beti izaten dute atzetik talde bat dantzan, irribarretsu eta asebeteta. Nabarmena da gehienak Baionako besten sonak erakarritako kanpotarrak direla eta batzuek -Belgikatik Baionako feriara zetozela zioten elastikoak soinean zebilen taldea, esaterako- argiki adierazten dute.

Hori bai, denak txukun-txukun jiten dira, zuriz eta gorriz jantziak, arratsalde hasieran prakak eta alkandorak oraindik orbanik gabe dituztela.

Hain zuzen, hirian zehar bestazaleen jantziak saltzen dituzten hamaika stand daude paratuta han-hemenka. Prezio guz- tietakoak aurki daitezke arropak, nahiz eta era adierazgarrian «2012ko bestetako jantzi ofizialak» saltzen dituztenenak garestixeagoak diren. Aurtengo elastiko ofiziala, esaterako, 12,50 euroan saltzen da bertan.

Jakes Portes plazan bestazalearen pack-a -zapi gorria eta baso berrerabilgarria zintzilikatzeko sokatxoa eta guzti- sei euroan saltzen duen merkatari bat kexu zen «arautu gabeko konpetentziarekin». Hark ere oraingoz jende gutxiago dabilela adierazi zuen.

Ordu pare bat geroago, ordea, jende andana metatu zen plazatxo horretan. Izan ere, egunero bezala, Karrikaldiko ikuskizunak bertakoak zein kanpokoak erakartzen ditu. Atzo makila trebeziaz maneiatzen dutenen txapelketarekin hala gertatu zen eta, jakina, Dantzazpiko mutxikoak eta larrain dantzaren garaia heldu zelarik, plaza gainezka zegoen.

Bigantxak

Plaza aipatuz, herenegun ez bezala, San Andresekoan ez zen harrapaketa larririk suertatu. Ostegunean 53 urteko gizonezko batek bigantxaren adarkada sakona jaso zuen ezkerreko zangoan eta femorala moztuta erdi odolusturik eraman zuten ospitalera. Eta plazekin jarraiki, gaur izanen da zer ikusi zezen-plazan, baina ez soilik zaldiekin egindako zezenketaren harira, zezenketen aurka dauden taldeek ere deialdia egin baitute. Esandakoa, jende olderik ez, baina girotxoa...

Aukeran

12.00 PATXA PLAZA: Gazte Eguna. Aperitifa + herri bazkaria. Ondoren, kontzertua (Mendeku Itxua).

16.30>LAZA: Zezenketen aurkako elkarretaratzea.

19.00>la plachotte: Kontzertua, Pastors of Muppets.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo