Hazketa zabortegian beste behin ere sutea izan dela-eta, auzokoek salaketa jarri dute
Idoia ERASO | BAIONA
Astelehenean beste sute bat izan zen Hazparneko Hazketa zabortegian. Oraingoan 150 metro karratu erre ziren. Aurreko sutea maiatzaren 29ean izan zen eta iazko maiatzaren 28ko eta 30ekoarekin lau izan dira urte batean. Suteen maiztasuna ikusita, Hazparneko auzokoek osatzen duten Hazketa 2010 elkarteko kideek salaketa jarri zuten atzo Jendarmerian. Horrekin batera, Ingurumen Minis- terioari eta hainbat erakunde eta hautetsiei informazio gutunak igorriko dizkiete, ikerketa bat abiaraz dezaten.
Gaur arratsaldean, Bil ta Garbi erakundeko ordezkariekin elkartuko dira elkarteko kideak. Ipar Euskal Herriko zaborren kudeaketaz arduratzen den erakundearen eta auzokoen elkartearen arteko hitzordua lehendik zuten finkatuta, sutea gertatu aurretik alegia.
«Oraingoan urrunago joanen gara. Ingurumen Ministeriora idatziko dugu inkesta bat eginarazteko. Zerrenda bat eginen dugu azken denborako disfuntzio guztiekin eta inkesta eskatuko dugu», azaldu zuen Hazketa 2010 elkarteko kide Miren Amestoik. Eskaera gehiago zabalduko dutela ere gaineratu zuen Amestoik: «Kontseilu Nagusiari, diputatuei eta gure ordezkari guztiei ere helaraziko diegu gutuna».
«Denen kalterako da hemen gertatzen dena. Hazketan suteak direnean, kea ondoko pentzeetara zabaltzen da eta biziki kutsakorra da. Mespretxua da hori, gu denontzat eta ingurumenarentzat», adierazi zuen Haz- keta 2010 elkarteko kideak. Urtero 60.000 tona zabor sartzen dira Hazketan eta 2014an ixtea aurreikusten dute.
Bil ta Garbi
Bil ta Garbiko zuzendari Dominique Carrerek azaldu zuenez, Hazketaren azpikontrata duen CEPB enpresako arduradunak sutearen jatorria ikertzen ari dira. Hain denbora gutxian hainbeste sute izateari buruz Carrerek honakoa esan zuen: «Za- bortegi batek arrisku handia dakar, eta beroak horrelako gorabeherak erraztu egiten ditu».