GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Gure partea aldarrikatuz

Higgsen bosoia, Jaungoikoaren partikula delakoa, antza aurkitu dutela merendatu genuenerako, gureak, isil-isilik, urteetan ari ziren bertan lanean. Fisikarentzat mugarria, energia askoz handiagoetan frogatzeko abiapuntua zela esan ziguten. Partikula santu horrek naturaren eta antimateriaren sekretua deszifratzeko itxaropen handi bat ekarri, eta, ausaz, arrakastarik balu, fisikaren legeak berridatzi beharko liratekeela.

Fisikatik harago, baina, handiak, oso handiak dira aurkikuntza honen inplikazioak.

Ingeniaritzaren katedral unibertsal batean gertatu da, marabilla tekniko itzelean. Protoien txinpartak atrapatu eta azeleratzea, elizen tamainaren pareko sentsoreak, super konduktiboak diren magnetoekin egindako hamabost kilometroko tunela... Ingeniaritzaren tontorra!

Fisika eta ingeniaritza nire konpetentziatik kanpo daude. Irudikatu dezaket, ordea, dozenaka mila langile-urteko giza kapitala duen obra bat, munduko 24 ordutegi ezberdinetan batera lanean, hizkuntza eta kultura ezberdinak... Ahalegin hori antolatu ahal izatea ere! Badakit, bestalde, egun hauetan zergen gloriak eta bertuteak jende gutxik defendatzen dituela. Globala izan da bere finantziazioa, mundu mailako zerga ordaintzaile gehienek beren partea ipini dute mobilizazio komunitario erraldoi horretan.

Zentzu zabal batean, gizakion jakin-minaren garaipen bat izan da. Etekina eta biziraupena ohi dira gizakiak elkarrekin lanean jartzeko akuilua. Oraingoan, aldiz, bizi garen mundu fisiko miresgarria ulertzeko desira kixkaltzailea izan da.

Ezin aipatu gabe utzi, aldarrikatu gabe geratu, zientziaren katedral perla horretan euskaldunek izan duten ekarri oparoa. Isil-isilean gure ingeniariek, gure enpresen bikaintasunak jokatu duten papera. Herri metalurgiko honek, ze maila duen munduan! Punta-puntakoa eta super globala.

Jaungoikoaren partikula ditxosozkoa hementxe bertakoa baitugu ere. Antzuolakoa kasurako. Ohore, horretan dabiltzan euskaldunei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo