Arantza Santesteban Historialaria
«Barru-barrutik» idaztea zer den
Oraindik maskulinitateari lotutako portaerek zein joerek inposatuak izaten segitzen dute. Horregatik, idazteko bestelako forma eta ereduak areagotzea eta hauei lekua egitea funtsezkoa dela deritzotA ! bai, zu Arantza zara, GARAn iritzi artikuluak barru-barrutik idazten dituena». Hauek izan ziren aurreko egunean minutu gutxi batzuetan ezagutu eta izugarri estimatu nuen pertsona batek esan zizkidan hitzak. Nire kasua erabiltzea handiustekoegia dela jakitun naiz, azken batean, norbera ez baita horren berezia eta esklusiboa; bat baino ez gara, jende askoren artean. Halere, aipatu anekdotatik salto egin nuen, ezinbestean, gogoeta orokorragoen putzura eta horregatik ekarri nahi izan dut gaia orriotara.
Ordutik, hitzok entzutean sortu zidaten ezinegonari bueltaka geratu naiz. «Barru-barrutik» adierazpenaren atzean zer egon daitekeen pentsatzen; esan zidan horrekin guztiarekin ados egonik ere, formulazio osoago bat eman nahirik. Nirekin daramat anekdotikoari kokaleku orokorragoa aurkitzeko beharra, baita gaitz larria ere.
Pentsatzen jarrita, izan liteke barrutik idaztea kanpotik idaztearen kontrakoa izatea; hortaz, onartuko genuke badirela posizio ezberdinak zeintzuetatik idatz daitekeen. Barrutik idazterakoan, tripa, gibel, sexu eta burmuinetik egiten dela uler liteke, hau da, norberaren barne mundutik. Kanpotik eginez gero, azaletik harago dagoen dimentsiotik edota burmuin hutsetik idaztea litzatekeela esan genezake orduan. Buruari bueltaka, sinetsi nahiko nuke iritzi artikuluak idazten ditugunok barrutik idazteko ahalegina egiten dugula; iritzia norberaren barrenean baino ezin baita egon.
Baina egon badira, diskurtsoak norberaren barne filtroetatik apenas pasa eta era berean, iritzia ematea lortzen dutenak.
Esan genezake azken jarrera honek maskulinitatearen eredu normatiboak ezarri duen mundu ikuspegiarekin zerikusi handiagoa duela. Badu maskulinitateak errealitatea bera zerebroaz nagusiki eta azaletik harago doan espazio huts eta mugagabe horrekin interpretatzearen ezaugarria. Horrela eraiki dira diskurtso asko, analisi ugari eta egunkarietako iritzi artikulu gehienak. Eta horregatik agian, batzuek «barru-barrutik» idazten dugunean arrotz eta arraro suerta daiteke, edo deigarria bederen.
Gero eta gutxiago gustatzen zait giza-joerak, kategoria estanko eta hertsietan sartzea, alegia, «hau da gizonena eta hau emakumeena» esatea. Gehiegi mugatzen du eta, zorionez, gero eta gainditze maila handiagoa dago genero rolei dagokienez. Hala ere, mundua sexuen arteko botere harreman desorekatuetan oinarritzen da oraindik eta, hartara, maskulinitateari lotutako portaerek zein joerek inposatuak izaten segitzen dute. Horregatik, idazteko bestelako forma eta ereduak areagotzea eta hauei lekua egitea funtsezkoa dela deritzot.
Izan ere, bagara barru-barrutik baino idatzi ezin dugun batzuk, emakumeak asko, gizonen bat tarteko. Eta mundu konplexu hau ulertu eta iraultzeko, ikuspegi guztiak dira beharrezkoak.
Errealitatea anitza izanik, idazteko moduko leku asko dagoelako eta distantziak edo prudentziak dosi onargarrietan onuragarriak diren moduan, gertutasunak edo introspekzioak baliogarriak dira inguratzen gaituenaren inguruan dugun iritzia plazaratzeko.