GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Ez pentsa

Irati JIMENEZ  Idazlea

Boladan jarri den eztabaida kalean bizi izan nuen behinola. Hor ibili ziren bi ezagun, «50 shades of grey» literatur fenomeno dela eta, kontrako iritziak ematen. Gutxi dakit liburuaz, prentsa irakurritakoaz aparte: jardun sadomasokistak maite dituen gizonen batekin sexua izatera lapatzen den emakume baten istorioa, antza. Badu meriturik: sadomasokistak, feministak, literatur adituak, eskuin zein ezkerrekoak iraindu ditu.

Nire ezagunetako batek di-da irakurri egin zuen. Besteak, liburu-denda batean begiratu, hamar minutuz. Elkarrizketaren hasieran, biak ados: ze pertsonaia sinpleak, ze esaldi inuxenteak. «Interneten edonork idazten du hau baino pornografia hobea», batek. Baietz, besteak. Eta, jarraian, eztabaida piztu zuen galdera, «eta orduan, zergatik irakurri duzu?». Erantzuna, argigarria. «Ba, ez pentsatzeko liburu horietako bat».

Ez pentsatzearen kontra nagoela esatekotan egon nintzen. Ez pentsatzea ez dela existitzen eta fantasiaren baitan pentsamendua dagoela beti. Pentsamenduzko egiturak garen neurrian, ez pentsatzearen saltzaileek beren aldeko ez pentsamendua saltzen digute eta kezkatu egiten nau zenbatetan gaituzten emakumeak balizko bezero. Ez pentsatzeko komedia erromantikoak, ez pentsatzeko pornografia aitagurea, ez pentsatzeko aldizkariak. Kluster sozio-ekonomikoak aztertu beharko luke zenbat diru egiten duen ez pentsatzearen industriak. Eta psikiatren kolegioak argitu zer pentsatzen dugun normalean, ez pentsatzearen lilurak horrela harrapa gaitzan.

Zer eskaintzen digute sirenen kantuak ez pentsatzearekin tentatzen gaituztenean. Zein da gugandik aldendu nahi duten Troia hori?